Atzerritik heldutakoen kopurua mantendu egin da Busturialdean
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten 18 udalerrietako datuak kontuan hartuta, atzerritik heldutakoen biztanle kopurua mantendu egin dela jakinarazi dute mankomunitatetik. Iazko datuekin alderatuta, hiru atzerritar gehiago baino ez daude.
Jakinarazi dutenez, beste herrialde batzuetatik etorritako 2.061 pertsona daude erroldatuta, hau da, Busturialdeko biztanleria guztiaren %7,1. Zehaztu dutenez. aipatu ehunekoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoena baino altuagoa da, %6,4koa baita azken horretan.
Mankomunitateko arduradunek azaldu legez, «kontuan hartu beharrekoa da gero eta etorkin gehiagok jasotzen dutela espainiar nazionalitatea, batez ere, Hego Amerikatik iritsitakoak. Modu horretan, nahiz eta eskualdean bizi, erroldetan ez dira atzerritar modura agertzen». 2013. urtetik, 189 lagunek jaso dute espainiar nazionalitatea; 2016an, esaterako, 39 atzerritarrek jaso zuten.
Mankomunitateak biltzen dituen 18 udalerrietan bizi diren atzerritarren artean, Errumaniatik etorritakoak dira gehienak, 1.126 lagun, hain zuzen ere.
Nazionalitate guztiak kontuan hartuta, berriz, %52a emakumezkoak direla jakinarazi dute. Atzerriko biztanleen %47 18 eta 39 urte bitartekoa da; %19, aldiz, adin txikikoa.
Mankomunitatea osatzen duten 18 udalerrietan bizi diren atzerritarren %80 Gernika-Lumon bizi da, 1.656 lagun, hain zuzen ere. Azken urtean, hala ere, erroldatutako etorkinen kopuruak behera egin duela diote mankomunitateko arduradunek