Aratuste eguna ospatuko dute otsailaren 26an Mundakako Atorrek eta Lamiek, eta, urtero legez, herriko kaleak soinuz eta doinuz alaituko dituzte. Baltzez jantzita aterako dira Lamiak, zuriz, ordea, Atorrak. Goizean batzuk, arratsaldean besteak. Hala ere, biek ala biek beraien abestiekin jantziko dute egun horretan herria.
Beraientzat hain garrantzitsua den egun hori, baina, aurretiaz prestatu beharko dute, eta, horretarako, hainbat hitzordu jarriko dituzte: Atorrak, batetik, eta Lamiak, bestetik.
Hain justu, zapaturako jarri dute lehen hitzordua. Musikarien lehen entsegua egingo dute; 18:00etan elkartuko dira Lamiak, herriko txistu gelan, eta bi ordu beranduago, aldiz, Atorrak, leku berean.
Egun horren ostean, otsailaren 4ean batuko dira berriro Atorretako musikariak. Eta otsailaren 11n, 18an eta 25ean, berriz, taldeko entseguak egingo dituzte. Egun horietarako guztietarako 20:00etan jarri dute hitzordua, txistu gelan.
Lamiak ere otsaileko zapatu guztietan batuko dira taldekako probasaioak egiteko; 18:00etan, txistu gelan.