Bermeok Ondarroako Aurreraren kontra jokatuko du bihar
Aurrerak eta Bermeok elkarren kontra lehiatuko dute 3. mailako 22. jardunaldia. Neurketa 16:30ean hasiko da Zaldupen.
3. mailako 4. multzoko sailkapenean bosgarrena da talde bermeotarra–34 puntugaz–, ondarrutarrak, berriz, hamaseigarrenak dira–22puntugaz–.
2016-2017 denboraldia hasi zutenetik Bermeo FTak zortzi partida irabazi, hamar berdindu, eta hiru galdu ditu.
Aurrera KEk, ostera, bost garaipen eta zazpi berdinketa eskuratu ditu orain arte; bederatzi partida galdu ditu.
Aurreko asteburuan etxean lortu zuen talde bermeotarrak azken garaipena Santutxuren kontra. 2-0 nagusitu zen; Ukeldik 8. minutuan sartu zuen lehen gola, eta partida amaitzear zegoela, Carlosek egin zuen bigarrena.
Santutxuko taldeak bederatzi jokalarigaz amaitu zuen norgehiagoka. Izan ere, azken ordu laurdenean epaileak txartel gorria atera zien Ibai atezainari eta Aranbarriri.
Porrota liderraren kontra
Bestalde, talde ondarrutarrak 2-0 galdu zuen zapatuan Alaves B sailkapen buruaren kontra. Azken hamar minutuetan lortu zituen etxeko taldeak garaipenaren golak. 81. minutuan Asierrek sartu zuen 1-0koa, eta 90. minutuan Paulinok sartu zuen arabarren bigarren gola.