Bide segurtasuna bermatzeko, Bermeoko Udaltzaingoak prebentzio kontrolak egingo dituela esan du Udaltzaingoen arduradun Benito Ibarrolazak. Ibilgailuetan umeak dagozkien segurtasun aulkietan doazela eta telefono mugikorren erabilera kontrolatzen ibiliko dira.
Gidari bat telefono mugikorragaz
Gogorarazi dutenez, umeen segurtasuna bermatzeko «ezinbestekoa» da arauak ezartzen dituen segurtasun aulkiak erabiltzea, adin eta pisuaren arabera. «1,35 metro edo gutxiagoko adin txikikoek euren adin eta pisuari egokitutako eusteko sistema homologatua erabili behar dute. Era berean, gailu homologatua erabili ezean, 12 urtetik beherakoek debekatuta dute ibilgailuaren aurreko eserlekuan joatea».
Jakinarazi dutenez, «Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera, ibilgailuetan umeen segurtasun sistemen erabilerak %75ean murrizten ditu heriotzak, eta %90ean zauriak».
Modu horretan, ibilgailu batean umea dagozkion segurtasun sistema barik ikusiko balute, abisua eta erabilerari buruzko informazioa emango liokete gidariari, lehenengo aldia balitz. Bigarren aldian, isuna jarriko liokete.
Telefono mugikorren erabileragaz ere, jokabide bera edukiko dutela azaldu dute. Lehenengo aldi batean, gidariari gogoraraziko liokete debekatuta dagoela haren erabilera. Bigarren aldi batean harrapatuz gero, aldiz, gidariak isun bat jasoko luke.
Bide segurtasuna bermatu aldera, mota horretako kanpainak «beharrezkoak» direla uste du Ibarrolazak. Epe laburrean, gidariek segurtasun uhalak jarrita daramatzaten ikuskatzeko kanpainagaz hasiko direla azaldu dute.