Bi taldeen arteko partida 18:30ean hasiko da bihar, Mendizorrotzan.
Bizkaitarren eta arabarren artean lehia bizia espero da. Izan ere, Emakumezkoen Ligaren sailkapenean biek ala biek 23 puntu dituzte. Gernika-Lumoko taldea hirugarrena da, eta atzetik dago talde gasteiztarra.
Hiru puntura dute Spar Citylift Girona, eta Perfumerias Avenida sailkapen buruak 27 puntu ditu.
Mokangoren debuta
Chanel Mokango Gerardo Candina presidenteagaz atzo, Gernikan.
Argazkia: Gernika KESB.
Sandra Pirsic eta Laquinta Jefferson jokalariek taldea utzi ostean, bi fitxaketa egin berri ditu klubak.
Antonija Misura jokalari kroaziarrak zapatuan debutatu zuen Malosten, eta zaleenegan ikusmina sortu zuen.
Bihar, berriz, Chanel Mokango pibot afrikarraren jokoa bertatik bertara ezagutzeko gogoz joango dira zaleak Gasteizera.
Bi jokalariokin denboraldiko bigarren zatian lehen zatian erakutsitako mailari eustea da taldearen helburua.
Erregina Kopa
Bestalde, otsailaren 10etik 12ra Gironan (Herrialde Katalanak) jokatuko duten Erregina Kopara taldea animatzera joateko deia egin die klubak zaleei.
Gernika-Lumotik ahalik eta zale gehien joatea espero dute, eta klubetik jakitera eman dutenez, taldearen babesleetako bat den bidaia agentzia batek dagoeneko eskaintza berezia prestatu du.