Kolonbiako presidenteak eta FARCeko buruak hartuko dituzte Gernika Sariak
Kolonbiako presidente Juan Manuel Santos Calderon eta FARCeko buru Rodrigo Londoño Echeverrik hartuko dituzte aurten Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Sariak. Horiekin batera, Gervasio Sanchez argazki-kazetaria ere sarituko dute bonbardaketaren 80. urteurrenean.
Kolonbiako bake prozesua aurrera eramateko egiten ari diren “esfortzua” aitortu gura die Gernika-Lumoko Udalak kolonbiarrei. Bestalde, 25 urtetan argazkilaritzaren bitartez biolentzia salatzeko egindako lana eskertuko diote Gervasio Sanchezi.
Bakearen eta berradiskidetzearen aldeko Gernika Sariak apirilaren 26an emango dituzte, bonbardaketaren urteurrena gogoratzeko antolatuko duten egitarauaren baitan. Iaz Uruguaiko presidente ohi Jose Mujicak eta Francisco Etxeberria antropologo forentseak hartu zituzten sariak.