Hamahirugrren urtez,
Piztu itxaropena lelopean, Sahararen aldeko Euskal Karabana kanpaina martxan dago. Urtero egin modura, Bermeoko Besalde elkarteak kanpainarekin bat egin du, eta janari bilketa egingo du Busturialdean.
Boluntarioak San Frantzisko elizako lokaletik kutxak ateratzen, iazko bilketan. Argazkia: Besalde
Urtarrilaren 21era arte, arroza, atuna oliotan, sardinak oliotan, egoskariak, pasta, azukrea eta konpresak batuko dituzte Busturialdeko dendetan, supermerkatuetan eta ikastetxeetan. hain zuzen ere, Bermeo, Mundaka, Busturia, Gernika-Lumo, Muxika eta Gautegiz Arteagan egingo dute bilketa. Horrez gain,
Bermeoko San Frantzisko elizako lokaletan ere jasoko dituzte produktuok astelehenetik barikura,
18:00etatik 20:00etara.
Iaz, Besaldek,
20.714 kilo elikagai eta osasun material batu zituen Saharara bidaltzeko. Aurten ere, aurreko kanpainetan eskualdeak erakutsitako «elkartasun eta eskuzabaltasun» berdina espero dutela adierazi dute.
Besaldetik azaldu dutenez,
Piztu Itxaropena izeneko kanpainaren helburu nagusia «herri sahararrera ahalik eta elikagai kopuru gehien eroatea da, errefuxiatuen kanpamenduetan duten elikagai falta asebetetzekotan». Horregatik, bildutakoa, Tindufeko (Aljeria) kanpamenduetara bidaliko dutela jakinarazi dute. Euskal Herrian batutako guztia otsailaren 25ean abiatuko da Donostiatik.
Besaldekoek, aldez aurretik, eskerrak eman gura dizkiete herriari, kontserba enpresei, hezkuntza zentroei, komertzioei, parrokiei, laguntzen duten udalei, Gernika-Lumoko Bat ez da gitxi elkarteari eta kanpainan parte hartzen duten guztiei.