Gernika R.Tk 27-13 irabazi dio Ciencias taldeari
Hasierako minutuetan maila berean aritu ziren bi taldeak, partidaren kontrola bereganatu barik. Baina, gaztigu-ostiko bategaz, talde andaluziarra aurreratu zen markagailuan. Sevillarrek partidaren kontrola hartu zuten orduan, baina, ez zen luzarorako izan.
Etxeko jokalariak beren jokoa egiteko aukera ondo aprobetxatu zuten, eta Palisak entsegua egitea lortu zuen. Pichlerrek ez zuen transformazioan asmatu, baina, 5-3ko markagailuagaz aurretik jarri ziren.
Etxekoen bigarren entsegua ere laster heldu zen, eta Pichlerren transformazioaren ostean, bederatzi puntuko aldea lortu zuten (12-3). Hala ere, atsedenaldira heldu aurretik, Sevillako taldeak aldea murriztea lortu zuen; Laurish jokalariak entsegua egin, eta Mazok transformatu zuen. Ondorioz, 12-10ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira.
Basurdeak garaipenaren bila zelairatu ziren, eta bigarren zatia hasi eta sei minutura Magunazelaiak etxekoen hirugarren entsegua lortu zuen. Pichlerrek ez zuen transformazioan asmatu, baina, markagailuko aldea handitzeko balio izan zien entseguak.
Hurrengo minutuetan Cienciaseko jokalariek estu hartu zituzten etxekoak, baina, ez zen nahikoa izan. Gainera, Pichlerrek gaztigu-ostiko bat transformatu zuen.
Sevillarrak ez zeuden amore emateko prest, eta azken minutuetan nagusi izan ziren zelaian. Mazok markagailuko aldea murriztea lortu zuen (20-13), baina, handik gutxira Bast etxeko kapitainak beste entsegu bat lortu zuen. Jarraian, Pichlerrek arazorik barik transformatu zuen, markagailuan 27-13-ko emaitza utziz.