2017. urterako ere Bermeoko
Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak (GOUP) hainbat ikastaro antolatu ditu.
Zahartze aktiboa sustatzea helburu duten
Gorputza martxan eta Burua martxan tailerrak eskainiko dituzte batetik; eta
dementzia fase arinean dutenentzat psikoestimulazio tailerrak ere antolatu dituzte, bestetik.
Bermeoko Gorputza martxan taldekoak. Argazkia: Bermeoko Udala
Bestalde,
mendekotasuna duten pertsonen familiako zaintzaileei zuzendutako laguntza psikologikoko taldea ere sortuko dute. Aurten, gainera, berritasun modura,
prestakuntza ikastaroa ere eskainiko dutela azaldu dute.
Patronatuko arduradunek azaldutakoaren arabera, «mendekotasuna duten pertsonen familiako zaintzaileek, askotan, antsietatea, depresioa edota gainkarga sufritzen dute». Hori dela eta, laguntza psikologiko taldearen eta prestakuntza ikastaroaren helburuak dira «sintoma horiek sufritzen dituzten familietako zaintzaileei horiek gutxitzen laguntzea, edota sufritzen ez dutenei horiek saihesten laguntzea» dela azaldu dute.
Taldean parte hartzea zein prestakuntza ikastaroa
doanekoak direla jakinarazi dute, eta,
urtarrilaren 25ean martxan hasiko direla azaldu dute. Interesa dutenek Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuan eman beharko dute izena.
Ikastaroa Gizarte eta Kultura Etxean eskainiko dute,
17:45ean hasita, eta
bi asterik behin batuko dira. Taldea irekia izango dela adierazi dute, hau da, urtean zehar parte hartu gura duten horientzako zabalik egongo da.
55 urtetik gora. Gorputza martxan eta Burua martxan programetan 55 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal dute. Lehenengo programaren kasuan, galera fisikoa ekidin gura da, bigarrenean, aldiz, galera kognitiboa.
24 lagunek parte hartu ahal dute
Burua martxan programan, eta
bi talde egingo dituzte. Azaldu dutenez, programa horretan parte hartzen dutenek
ezingo dute buruko gaixotasunik eduki.
Bi saio izango dituzte
astean; astelehenetan eta eguaztenetan batuko dira eta ordu eta erdiko saioak izango dira.
Bestalde,
60 lagunentzako lekua dago Gorputza martxan programan eta
lau taldetan banatuko dira. Programa horretako parte hartzaileek
ezingo dute gaixotasun fisiko larririk eduki. Gizarte eta Kultura Etxeko Nagusien txokoan batuko dira
astean birritan. Saio bakoitza ordu batekoa izango da.
Bihar hasita. Azkenik,
dementziaren galera prozesua geldotzea helburu duen psikoestimulazio tailerra ere eskainiko dute. Dementzia fase arinean dutenei zuzenduta dago eta
bihar hasiko da. martitzenetan eta eguenetan elkartuko dira, 11:00etatik 12:30era, Erreten parkeko lokalean.
Aipatu tailerrean
12 lagunek parte hartu ahalko dutela jakinarazi dute patronatutik eta indartu egingo dela zehaztu dute, aurten, saio kopuru gehiago eskainiko baitituzte.