Beste hainbat herrigaz batera, Nabarnizek ere herri galdeketa egiteko erabakia hartu zuen. Hain zuzen, apirilaren 2a jarri zuten horretarako eguna. Hori posible izateko, baina, herritarren %15aren babesa jasotzea ezinbestekoa zuten. Hala, sinadura bilketa egin dute herrian, eta, guztira, 75 lagunen babesa jaso dute.
Hiru egunetan egin dute herri galdeketara begirako sinadura bilketa Nabarnizen. Argazkia: Nabarnizko Gure Esku Dago.
Hain justu, 39 pertsonen sinadurak jasotzea zuten erronka, eta hori lortzea posible ikusten zuten. «Lortuko genuela jakinda, hiru egun bakarrik jarri genituen sinadurak biltzeko», azaldu du Gure Esku Dagoko talde sustatzaileak. Hala, abenduaren 25ean, urtarrilaren 6an eta urtarrilaren 7an aritu ziren behar horretan. Egun horietan, guztira, 75 pertsonen sinadura jaso zituzten; beraz, erronka erraz bete zuten.
Erronka lortuta
Gauzak horrela, erronka berria du orain Gure Esku Dagok Nabarnizen; hain justu, herritarren erabakitzeko eskubidea gauzatzea posible egingo duen aipatu herri galdeketan du orain begirada.
«Geure buruaren jabe izanda, erabakiak hemen eta geuk erabakita, badakigu gizarte justuago bat lortzeko eta era parte hartzailean gure herriaren prozesu demokratikoan aurrera egiteko aukera izango dugula», adierazi dute.
Galdeketa prestatzen
Egun hori ailegatu orduko, baina, galdeketaren prestaketa lanetan ariko dira Nabarnizko herritarrekin eta elkarteetako kideekin batera.