244 eraikinek egin dute ikuskaritza teknikoa Bermeon
Bermeon dauden 1.510 eraikinetatik 966k Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) aurkeztu beharko dute 2018. urtea baino lehen. Horretarako, legeak baimenduta, Bermeoko Udalak egutegi bat onartu zuen apirileko osoko bilkuran. 1919 urtera arteko eraikinek (222) EIT aurkeztu behar zuten 2016an. Eusko Jaurlaritzak EIT arautu zuenetik, baina, Bermeon 244 eraikinek egin dute aipatu ikuskaritza teknikoa.
Lau eraikinetan berehalako konponketa lanak egin behar izan dituztela jakinarazi dute Bermeoko Udaletik, «24 ordutan egin beharreko konponketak baitziren». 46 eraikinek bigarren mailako interbentzioa behar izan dute; hiru hilabetean egin behar izan dituzte konponketa lanak. Hirugarren mailako interbentzioa behar izan duten eraikinak 89 izan dira, eta urte bateko epea dute konponketak egiteko. Arriskurik gabeko eraikinak izanik, bestalde, epe ertainean konponketa lanak egin behar izan dituzten 76 eraikin egon direla diote udaletik. Gainerako 29ek, mantentze lanak solik egin behar izan dituzte.
Berualako zuzendari Santi Muruak azaldu duenez, «eraikin gehienek konponketa lanak egin dituzte jada». Horiek egiteko, Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ematen dituela jakinarazi du, eta laguntza horiek Berualak kudeatzen dituela gogorarazi du.
1920 eta 1959 urte bitarteko eraikinek, berriz, 2017. urteko abendua izango dute aipatu txostena aurkezteko epemuga; 291 eraikin dira. Euskal Erkidegoko Araudiak finkatzen duen gehienezko epean, 2018ko ekainaren 27an, hain zuzen ere, 1967 urtea baino zaharragoak diren beste eraikin guztiek aurkeztu beharko dute txostena. Udaletik diotenez, 453 eraikin daude tarte horretakoak.
EIT txosten tekniko bat da, eraikinen segurtasun, bizigarritasun eta erosotasun baldintzak hobeto ezagutzeko tresna da, hain zuzen ere. Eraikinaren jabearen betebeharra da, eta eraikina kontserbatzeko legezko betebeharrean sartuta dago.EIT txostenaren baliotasuna 10 urtekoa da; hau da, behin EIT txostena aurkeztuta, 10 urtero errepikatu beharko dute eraikinetako jabeek.