500 euroko isuna jarriko diete hondakinak kalean uzten dituztenei
Udaltzaingoak zaintza bereziak egingo dituela azaldu du udalak. Garbigunea eta etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua erabiltzeko deia egin die herritarreiHondakinak kalean botata uztea zigortuko du Bermeoko Udalak. Herria garbi mantendu gura dute, e...
Udaltzaingoak zaintza bereziak egingo dituela azaldu du udalak. Garbigunea eta etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua erabiltzeko deia egin die herritarrei
Hondakinak kalean botata uztea zigortuko du Bermeoko Udalak. Herria garbi mantendu gura dute, eta azken aldian, altzariak, etxetresna elektrikoak eta sastarrak edukiontzien inguruan botata ikusten ari direla azaldu du Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak. Aipatu egoera saihesteko hartu dute neurria, eta isunak 500 eurokoak izango direla esan du Ibarrolazak.Era berean, udaltzainek zaintza bereziak egingo dituztela jakinarazi du zerbitzuetako zinegotziak: «Jarrera horiek ez dira bidezkoak; herria zikintzen dute, herriaren irudi onaren kalterako».
Doako zerbitzuak
Hala, Bermeon, bolumen handiko altzariak zein etxetresna elektrikoak biltzeko bi zerbitzu daudela gogorarazi gura die herritarrei: Garbigunea, batetik, eta etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua, bestetik. Bi zerbitzu horiek, gainera, doakoak direla aipatu dute.
Bermeoko Udalak Koopera Lantegi Batuen enpresaren laguntzagaz eskaintzen du bolumen handiko altzariak biltzeko zerbitzua, eta eguaztenetan egiten dute bilketa. Hala ere, erabiltzaileek martitzen gauean utzi behar izaten dituzte altzariak atari aurrean edota sastar batze punturik hurbilenean.
Zerbitzu hori erabili gura dutenek, baina, derrigorrezkoa dute aurretiaz abisua ematea, 94-612 11 77 telefono zenbakira deituta.
Bermeok Garbigunea ere baduela gogorarazi gura izan du Ibarrolazak. Garbigunera altzariak eta etxetresna elektrikoak eraman daitezke, etxeko hondakinak eta antzekoak gaika batzeko zentroak baitira. Astelehenetik barikura 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara zabalik dago Garbigunea; zapatuetan, berriz, 09:00etatik 13:30era.
Sastarrak, bestalde, dagozkien edukiontzi barrura botatzeko deia egin du zerbitzuetako zinegotziak. Herria garbi mantentzea «guztion ardura dela eta», herritar guztien inplikazioa eskatu du.