Herritarrekin batera zehaztuko du udalak Bekoportalaren etorkizuna
Hurtado de Mendoza kalean dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna zehazteko proiektua martxan jarri dute: 'Bekoportala, danon argidxegaz biztuku!'Bekoportala proiektua martxan jarri du Bermeoko Udalak. Proiektu horren helburua Alde Zaharrean, hain zu...
Hurtado de Mendoza kalean dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna zehazteko proiektua martxan jarri dute: ‘Bekoportala, danon argidxegaz biztuku!’
Bekoportala proiektua martxan jarri du Bermeoko Udalak. Proiektu horren helburua Alde Zaharrean, hain zuzen, Hurtado de Mendoza kalean dagoen eremu hutsa egokitzea eta erabilera bat bilatzea da. Hori guztiori herritarrekin batera egin gura dute, «gaur egun puntu beltza dena denen elkarlanagaz argiz pizteko asmoz».Hurtado de Mendoza kalean orube eta lokal bat daudela jakinarazi dute. Orubearen egoera «oso txarra» zen, eta udalak desjabetu egin du. Orube horretatik 100 metro koadro dituen lokal batera sartu daiteke. Lokala, berriz, Berualarena da. Horregatik, gune hori berreskuratzeko prozesua abiaraztea erabaki dute. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Garapen eta Lehiakortasun Sailaren diru laguntza bat jaso du udalak egitasmoa bideratu ahal izateko.
Ate nagusienetako bat
Proiektu horren bitartez, balioan jarri gura dute Lameratik Alde Zaharrareko sarrera den gune hori. Izan ere, historikoki antzinako portutik herrian sartzeko ate nagusienetariko bat egon zen orube horren ondoan, Errenteria portale. Hori, baina, herriagaz batera egin gura dute.
Modu horretan, herri osora helduko den prozesua izatea gura dutela azaldu dute, partaidetza zabala eta heterogeneoa bermatzeko. Lehenik eta behin, Alde Zaharreko, eta, zehazki, gune horretako beharrak identifikatuko dituzte; eta, horiek ezagutu ostean, orube eta lokal hori zertara bideratu daitezkeen aztertuko dute herritarrekin batera. Lehenengo fasea abenduan egin zuten herriko elkarte eta eragileekin batera, batez ere, Alde Zaharrean murgiltzen direnekin. Era berean, herritarren iritziak jasotzeko galdetegiak ere utzi dituzte herriko hainbat gunetan.
Bigarren fasea, berriz, proposamenei bideratuta egongo da. Urtarrilarren 21ean gura duten herritar horiek parte hartu ahal izango dute Gizarte eta Kultura Etxean egingo duten tailer dinamiko batean. Horretan, herritarren proposamenak jasoko dituzte, eta Bekoportalaren erabilerak adostuko dituzte, besteak beste. Horren ostean, txosten bat osatuko da, Bermeoko Udalak hurrengo pausoak eman ahal izateko.
Abenduaren 30ean udalak jai giroan eman zien herritarrei parte hartze prozesuaren berri, eta bertaratu zirenek gunea ezagutzeko aukera eduki zuten.