Antonija Misura eskolta fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak
Kroaziarraren ekarpenagaz denboraldiko bigarren zatian orain arteko emaitza onei eusteko asmoa du talde gernikarrak. Mario Lopez entrenatzailearen berbetan, jokalari “azkarra” da, eta asistentzietan zein hiruko jaurtiketetan trebea.
“Europar ligetan zein txapelketetan esperientzia dauka, eta beraz, taldera zein taldeko jokora azkar egokitzea espero dugu. Erasoko jokaldietan haren ekarpena garrantzitsua izango dela uste dugu”, azaldu du Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak.
Turkiako Samsun Canik taldean hasi zuen aurtengo denboraldia, eta bertako selekzioagaz ere jokatzen du.
Pirsic eta Jefferson barik
Gernika-Lumoko taldeak asteburuan etxean ekingo dio 2016-2017 denboraldiaren bigarren zatiari. C.B Al Qazeres Extremadura taldea hartuko du etzi Malosten. 18:30ean hasiko da bi taldeen arteko partida.
Bigarren zati honetan bi hutsune garrantzisu ditu taldeak. Izan ere, Sandra Pirsic eta Laquinta Jefferson jokalariek taldea utzi berri dute. Klubeko ordezkariek haien profesionaltasuna eskertu dute, eta hemendik aurrerako proiektuetan zorte ona opa diete.
Etxean sendo jokatzea
Malosteko azken bi partidak galdu ditu Lointek Gernika Bizkaiak, eta horrek zapore “mingotsa” utzi diela zehaztu du Lopezek. Hain zuzen ere, denboraldiko bigarren zatian etxean “indartsu” jokatzera bueltatzea du helburu taldeak. “Azken bi partida horietan duda askogaz aritu gara, eta zenbait momentutan prezipitatuta”.
Gaur gaurkoz Emakumezkoen Ligaren sailkapenean hirugarrena da talde gernikarra, Avenidaren eta Gironaren atzetik, eta sailkapenaren goikaldeko postuetan mantentzea da helburua. “Harro eta pozik egotekoa da horien atzetik egotea, eta baita Erregina Kopa lehiatzeko aukera izatea ere. Erasoan jokoa hobetu behar dugu, eta jokalari guztiek %100 eman behar dute. Badakigu gaitza dela denboraldiko lehen zatiko maila mantentzea, baina, eguneroko lanean arreta jarrita, jardunaldi bakoitzerako prestatuko gara”.