Frankismo garaian bizitakoa «gertatu zen legez» azaldu dio Julia Lanasek epaileari
Barikuan deklaratu zuen Gernikako epaitegian, Frankismoaren krimenen aurkako kereila zuzentzen duen Maria Servini epaileak eskatuta. «Lasai» deklaratu zuen, eta «dena ondo» joan zenBarikuan deklaratu zuen Julia Lanas Zamakolak Gernika-Lumoko epaite...
Barikuan deklaratu zuen Gernikako epaitegian, Frankismoaren krimenen aurkako kereila zuzentzen duen Maria Servini epaileak eskatuta. «Lasai» deklaratu zuen, eta «dena ondo» joan zen
Barikuan deklaratu zuen Julia Lanas Zamakolak Gernika-Lumoko epaitegian, Frankismoaren krimenen aurkako kereila zuzentzen duen Maria Servini epaile argentinarrak hala eskatuta. Frankoren diktaduraren biktimen familiek jarritako salaketa baten harira hasi zen Servini Frankismoko krimenak ikertzen, duela bost bat urte, justizia unibertsalean oinarrituta. Hala, erregua bidali zuen Servinik Gernika-Lumoko epaitegira, Lanasi deklarazioa har ziezaion.Epaitegian, «dena ondo» joan zen, eta «lasai» deklaratu zuen. «Guztia gertatu zen legez» azaldu zuela esan du, eta kontatzeko zuen guztia azaltzen utzi ziotela gaineratu du.
Barikuko deklarazioa «garrantzitsua» izan zen Gernika-Lumoko bizilagunarentzat, berak eta bere familiak sufritu behar izan dutena «itzela» izan delako; «sinestezina».
Behin deklaratuta, aurrera egin behar dela dio; «zerbait aterako da».
Oraingoan ere, epaitegiaren kanpoaldean Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Kontrako Euskal Plataformako kidea izan zen.
«Pozik» agertu zen Ibargutxi Julia Lanasi deklarazioa hartu ziotelako; izan ere, aurten beste hiru lagunen lekukotzak jasotzea eskatzen zuten erreguak atzera bota dituzte epaileek.
Ibargutxiren ustez, «benetako estatu demokratiko baten» bagina «estatua bera izan beharko litzateke erantzule», eta bera izan beharko litzateke hau dena hartuko lukena; «fiskaltza berezi bat ezarri, eta aurrera jarraitu 40 urteko diktadura horretan gertatatu zena argitzeko; alegia, egia guztia jakiteko, eta gero, benetako justizia egiteko».
Prozedura juridiko batean sartzean, arrisku asko daudenaren jakitun da Ibargutxi, baina zerbait egiteak merezi duela deritzo; «sartzen ez bazara ere, arrisku asko baitago ezer ez egiteko». Beraz, gai horren inguruan mugitu beharra dagoela uste du. Hala, «estatuak ez duenez bere esku hartzen gai hori, herri mugimendua izan beharko da esku hartzen duena», nabarmendu du. Eta hemengo epaitegietara jotzerik ez badago, nazioarteko jurisdikziora joan beharko dela gaineratu du. «Eta ikusiko da hortik zer ateratzen den».
Lekukotza gehiago
Behintzat, gauza bat lortu dutela argi du: «frankismoaren inpugnazioa berriz plazaratzea». Aurten, hamar bat lagunek deklaratu dute, eta aurrera begira, gehiagoren lekukotzak aireratzea nahi dute; «batez ere, Servini hona etorrita, baina debekatu egin diote». Argentinako epaileak, gainera, biktimen deklarazioak jasotzeko ez ezik, kaltegileenak jasotzeko erreguak ere eginak ditu.
Deklarazioak iraun duen bitartean, bestalde, elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek kereila hori ikertzeko dituzten zailtasun eta oztopoak salatzeko. Hala, epaitegiaren kanpoaldean bildu dira Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Aurkako Euskal Plataformako kideek deitutako elkarretaratzeagaz bat eginda.