Zapatuan 68-73 galdu zuen Star Center Uni Ferrolen kontra. Hala ere, Emakumezkoen Ligaren sailkapenean hirugarren postuari eutsiz amaituko du urtea talde gernikarrak.
Bikain hasi zen etxeko taldea, eta lehen hiru laurdenetan markagailuan aurretik mantendu zen. Baina, azken laurdenean markagailua iraultzea lortu zuen talde galiziarrak.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Mario Lopezek kantxaratutako boskotean Gracia Alonso izan zen nobedadea. Hala, Carterren eta Asurmendiren saskiratzeekin, bederatzi puntuko aldeagaz jarri ziren partida hasi eta lau minutura (11-2). Minutuak aurrera egin ahala, aldea handitzea lortu zuten, eta esaterako hamabost puntuko aldea ere izan zuten zenbait momentutan. 21-6ko markagailua da horren adierazle.
28-14ko markagailuagaz hasi zuten bigarren laurdena, baina, oraindik minutu asko zeuden aurretik, eta biek ala biek bazekiten edozer gerta zitekeela. Galiziako taldea ez zegoen amore emateko prest, eta markagailuko aldea murriztea lortu zuen (30-24).
Kantxan zein talde gernikarraren defentsan bere lekua bilatzen ari zen Uni Ferrol, eta etengabeko ahaleginaren ostean, apurka-apurka puntuak pilatzea lortu zuen. Bitartean etxekoek ere horretan jarraitu zuten, batik bat Alonsoren, Carterren eta Jeffersonen saskiratzeekin.
41-33ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira, eta aldageletatik bueltan markagailua iraultzeko zereginean jarraitu zuten galiziarrek. Uni Ferrolek Erregina Kopa lehiatzeko txartela zuen jokoan, eta Malosteko taldeak bazekien gogor lan egin beharko zuela garaipena etxean gelditzeko.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Talde galiziarreko Cabrerak, Suarezek eta Barbeek lan bikaina burutu zuten hirugarren laurdenean, eta batik bat haien lanari esker, sei puntuko aldeagaz heldu ziren azken laurdenera: 54-49.
Azken zatian Uni Ferrol etxeko taldea baino hobeto aritu zen. 55-54ko markagailuagaz emozioa nabaria zen harmailetan. Gainera, Pinaren eta Jeffersonen hirukoekin, 61-56ko markagailuagaz jarri ziren, eta Malosteko zaleak suspertu egin ziren.
Talde galiziarra ez zegon amore emateko prest, eta joko bikaina erakutsi zuen. Horrela, berriro ere markagailuko aldea estutzea lortu zuten, eta markagailuan aurretik jarri ziren (63-64).
Hain zuzen ere, partida amaitzeko hiru minuturen faltan jarri zen lehenengoz Uni Ferrol markagailuan aurretik. Etxeko jokalariek ere ez zuten amore eman gura, eta garaipena edozeinentzat izan zitekeela erakusten zuen markagailuak (66-68). Azken minutuetan ere gogor animatu zuten zaleek, baina, Uni Ferrolek hobeto jokatu, eta garaipena eskuratu zuen.