Elai-Alai aretoan egin dute aurkezpena, gaur eguerdian. Herri galdeketa apirilaren 2an egitea erabaki du Gernika-Lumoko Gure Esku Dagok. Egun horretan, eskualdeko bi herri handienetan egingo dute galdeketa: Bermeon eta Gernikan.
Apirilera bitartean, baina, zer egin badute gernikarrek. Gaur hasita, sinadurak batuko dituzte, galdeketari zilegitasuna eman asmoz. Gutxienez, Gernika-Lumon erroldatuta daudenen %10 babesa lortzea jarri dute helburu.
Era berean, Busturialdeko herrietako galdeketak antolatu ahal izateko, Kresaletan elkartea sortu du Gure Esku Dagok.
Gernika-Lumo martxan. Herri osoaren aterkipean egin gura dute galdeketa. Horretarako, sustapen taldea osatuko dute datozen asteetan. Herriko lagun ezagun eta esanguratsuak batu gura dituzte talde horretan. Galdeketari babesa emateaz gain, taldeko norbanako bakoitzak bere ekarpena egin eta laguntza emango du, galdeketaren sustapena eginez.
Eguna zehaztu duten arren, galdeketan herritarrek zein galderari erantzun beharko dioten adostu gabe dute oraindik. Busturialde osoko herriek galdera bakarra eta berdina egitea adostu dute, eta hori zein izango den erabakitzeko eskualde mailako batzarra deituko dute. Aipatu dutenez, herritar denak daude gonbidatuta batzar horretan parte hartzera.
Argazkia: Aritz Erdaide
Ekarpen ekonomikoa. Herri galdeketa antolatzeak duen kostu ekonomikoari aurre egiteko, euskal loteria atera du Gure Esku Dagok. Euskal Herri osoan salduko dute, eta 2017ko urtarrilaren 16an egingo dute zozketa, notario aurrean.
Bost euroko laguntza eskatzen du Gure Esku Dagok zenbaki bakoitzeko, eta sariak honakoak izango dira: 30.000 euroko lehen sari bat eta 1.000 euroko 10 sari.