Eskualdeko hainbat preso eta iheslari ohi batu dira Pasealekuan, euskal preso eta iheslariek kalean egon behar dutela aldarrikatzeko. Era berean, abenduaren 30ean, 20:30ean, Gernikan egingo duten ekimenagaz bat egiteko deia egin diete Busturialdeko bizilagunei.
Azken bost urteetan gatazka armatuaren ondorioak konpontzeko pausorik eman ez izana kritikatu dute. Gainera, espetxeetako egoera aurreko urteetakoa baino larriagoa dela esan dute: “Presoak espetxetik ateratzeko aukera gutxiago ikusten ditugu; ezartzen duten espetxe legeria salbuespenean, neurrigabekerian eta mendekuan oinarrituta baitago”.
Konpromisorako deia. Kalera kalera ekimenaren baitan egin dute agerraldia, eta “herri borroka sustatzeko unea” iritsi dela uste dute preso eta iheslari ohiek. Hala, gaurkoa, presoak kalera ateratzeko eskaeraz gain, konpromisorako eta borrokarako deia ere izan da. “Preso eta iheslariek etxean behar dute, noski, baina kalean ere behar ditugu, gure aldamenean, bakearen eta askatasunaren alde borrokan jarraitzeko”, esan dute.
Gaurko agerraldian jakinarazi dutenez, Usurbilen egiten ari diren itxialdiarekin bat egin eta parte hartzeko nahia dute.