Gabon giro polita sortzen ari dira gaur Bermeoko udal merkatu plazan. 09:00etan ireki dituzte ateak eta 15:00etara arte gabon giroan murgilduta egongo dira.
Gabonetako azoka bereziagaz, alde batetik, Bermeoko azoka sustatu gura dute, eta adin guztietako pertsonak erakarri gura dituzte. Beste alde batetik, sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia nabarmendu gura dutela diote.
Umeak ogia egiten ikasteko tailerrean
Hala, gaurkoan adin guztietako jendea bertaratzen ari da azokara. Nagusiak, batez ere, erosketak egitera eta giroaz disfrutatzera hurbiltzen ari dira. Gaurkoan, 30 saltoki inguru aurkitu ahal dira merkatu barruan zein kanpoan. Horietan «lehen mailako» produktuak aurki daitezke eta denetarikoa: arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, txakolina, gozoak, loreak, patea…
Ume asko, berriz, Olentzero ikustera hurbiltzen ari dira. Izan ere, 14:00ak arte azokatik ibiliko da ikazkina. Argazkiak ateratzen eta eskutitzak batzen ere badabil. Gainera, eurentzako tailerrak ere badaude. Ortutik Ahora elkartearen eskutik, besteak beste, ogia egiten ikasteko aukera dute. Ogi orea oratu eta oratu, gustura ari dira umeak.
Olentzero ume bategaz
Sukaldariek ere badute bere lekua gaur plazan. Sukaldaritza erakustaldiak eskaintzen ari dira Gabonetako menuak prestatzen dituzten bitartean.
Erroxape abesbatza merkatu plaza girotzen
Gabonetako abestiak eta musika ere ez dira falta. Musika Eskolako haize taldeak, koruak eta Erroxape Emakumeen Elkarteko abesbatzak bere abestiekin «giro oso polita» sortzen lagundu dute.