«Pauso garrantzitsua da eskola denak batzea eta elkarregaz jokatzea»
Xistera Txapelketaren finalean Miguel Angel Bilbao (Markina-Xemein, 1943) omenduko dute. Zesta-punta da haren pasioa, eta urteetako ikerketa lanaren ostean askotariko materiala bildu du.Bihar omenduko zaituzte. Zelan jaso zenuen berria?Niretzat ezustek...
Xistera Txapelketaren finalean Miguel Angel Bilbao (Markina-Xemein, 1943) omenduko dute. Zesta-punta da haren pasioa, eta urteetako ikerketa lanaren ostean askotariko materiala bildu du.
Bihar omenduko zaituzte. Zelan jaso zenuen berria?Niretzat ezusteko itzela izan zen; esan zidatenean zer esan jakin barik, mutu geratu nintzen, harrituta. Poza eta ohorea sentitu nuen, baina pentsatu nuen ea nik zer egin dudan halako omenaldi bat merezi izateko.
Xistera proiektua berritzailea izan da, eta gertutik ezagutzen duzu. Zelan ikusten duzu?
Esperantzaz ikusten dut. Niretzat pauso garrantzitsu bat da, zesta apur bat bultzatzeko edo mantentzeko, afizionatu mailan, behintzat. Lehen mutilak Kuban, Mexikon edota AEBetan jokatzeko asmoagaz hasten ziren. Hori gaur egun apur bat albo batera edo baztertuta utzi behar dugula uste dut. Eta pentsatu behar dugu beste kirolen parean zestak ere bere lekua izan behar duela. Zesta-punta ez da bakarrik 8 edo 10 urtegaz jokatzeko. Zergatik ez jokatu, afizonatu moduan, 30 edo 40 urtegaz? Krisi oso luze eta sakona bizi du zestak; 90eko hamarkadan hasi zen, eta 20 urte pasatuta daroaguz.
Txapelketa jarraitu al duzu?
Biloba bat ere hor sartuta dago, eta haren partidak jarraitu ditut batik bat. Niretzat gauza on bat da. Gainera, gaitzena eskola denak elkartzea zen, eta hori lortzea pozgarria da. Pauso oso-oso garrantzitsua izan da eskolak elkartzea eta denak batera jokatzea, helburu berekin.
Belaunaldi aldaketagaz batera, neskak ere apurka-apurka zesta mundura hurbiltzea lortu da. Zelan ikusten duzu egoera?
Gaitza da. Gaur egun badaude neskak jokatzen, baina ez dakit gurasoen aldetik edo, oraindik ere ikusten da kirol batzuk mutilentzat eta beste batzuk neskentzat direla, eta hori apurtzea kostatu egiten da. Baina pausoka-pausoka hori ere apurtuko da. Ez daude asko, baina oso inportantea da neskato askorentzat eredu direlako, eta horiek jokatzen ikustean beste asko animatu daitezkeelako. Lehenengo pausoak emanda daude, eta ea zelan jarraitzen dugun.
Markina-Xemeingo puntisten eta beste askoren inguruan asko ikertu duzu, eta 2009an Los Profesionales de la especialidad liburua kaleratu zenuen.
90eko hamarkadan zestaren krisia ikusita, erabaki nuen zer edo zer egin behar nuela. Puntista markinarren kirol fitxekin hasi nintzen, baina apurka-apurka beste batzurenak ere osatzea lortu nuen. Aipatu duzun liburuan 3.000 pilotaritik gora agertzen dira, mundu eta garai guztietakoak, eta horietatik markinar profesionalak 400-500 artean dira, izen-abizenekin. Beste herrietan askoz gutxiago dira. Adibidez, Ondarro- an, Mutrikun, Gernikan edo Durangon ere beti ikusi dira pilotariak, baina horietan 130 bat zenbatu nituen. Gure herriko kirol ondarea oso aberatsa da, eta hori txalotzekoa eta ezagutara ematekoa da. Horregatik, Markinan zestaren museoa edota interpretazio zentro bat sortzea bultzatzen dugu.
Ikerketa lan sakona egin duzu, eta, esaterako, munduko frontoi askotako argazkiak eta informazioa ere jaso dituzu.
Hego Ameriketako, AEBetako, Europako, Asiako eta Afrikako 160 frontoitik gora ditut jasota, eta horien inguruan liburu bat idazteko asmoa badut. Era berean, pasadizo eta bitxikeria asko bildu ditut. Liburu bat baino gehiago argitaratzeko besteko material asko dut gordeta: aldizkariak, argazkiak, kontratuak, denboraldien programak… Liluragarria da; egunero topatzen dut altxorren bat. Orain markinar puntistek lehiatutako partiden emaitzak topatzen nabil Interneteko hemeroteketan.