Euskal Surf Zirkuituaren azken proba lehiatuko dute Mundakan
Euskal Surf Zirkuituaren laugarren eta azken proba jokatuko dute asteburuan. Bihar, 08:30ean uretaratuko dira lehenengo surflariak. Izan ere, betiko legez, txandatan banatuta hartuko dituzte olatuak.
Euskal Herriko Surf Federazioatik zehaztu dutenez, domekarako baldintza txarrak daude aurreikusita, eta horregatik, bihar hasi eta amaitzea da haien asmoa.
Open Mailako Txapelketa honetan, Donostian, Sopelan eta Orruan lehiatu dituzte orain arteko probak, eta horietatik sailkatu diren lehenengo hogei surflariek eta herriko klubeko Illan Urkiak lehiatuko dute azken saioa.
Emakumezkoetan, berriz, lehen lau sailkatuak ariko dira lehian.
Orain arteko puntuazioak
Hain zuzen ere, gaur gaurkoz, gizonezkoetan Imanol Yeregi da Euskal Surf Zirkuituaren sailkapen buru, 2.860 puntugaz. Hodei Collazo bigarrenak, berriz, 2.590 puntu ditu, eta Jatyr Berasaluze hirugarrenak 2.070 puntu. Norman Landa sailkapeneko laugarrenak 1.860 puntu lortu ditu orain arteko hiru probetan.
Ianire Gonzalez-Etxebarria da emakumezkoetan lehena, 2.025 puntugaz, eta atzetik, 25 puntu gutxiagogaz dago Garazi Sanchez. Mikele Beato hirugarrenak 1.895 puntu ditu, eta Mireia Molini laugarrenak, 1.895 puntu.