Borondateagaz minbiziari aurre olaia zabalondo
Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 22 urte daramatza lanean. Gaur egun, 16 boluntario daude, eta hainbat kanpainen bitartez, herrian informazioa zabaltzen ibiltzen dira.Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 22 urte daramatza lanean. Josune Egiak s...
Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 22 urte daramatza lanean. Gaur egun, 16 boluntario daude, eta hainbat kanpainen bitartez, herrian informazioa zabaltzen ibiltzen dira.
Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 22 urte daramatza lanean. Josune Egiak sortu zuen taldea, eta orain dela hiru urte minbiziaren ondorioz hil arte, berak gidatu izan du taldea.Elkartea sortu aurretik, hala ere, minbizia zeukaten herritarrak hilean behin batzen zirela dio elkarteko gaur egungo presidente Karmele Molanok: «Mediku eta psikologo bat etortzen ziren, eta arreta eskaintzen zieten. Andra Mari edo Santa Eufemia elizetan batzen ziren». Egiak talde horretan parte hartzen zuen, bai eta Gizakia Helburu proiektuan ere. Bilboko Minbiziaren Aurkako Elkartetik proposatu zieten Bermeoko elkartea sortzea, eta hala egin zuten. Ondoren, gaixoak taldera batzen joan ziren, bai eta boluntarioak ere.
Gaur egun Gizarte eta Kultura Etxea dagoen antzinako Josefina eskoletan eduki zuten lehenengo egoitza, urte asko egin zituzten han. Gaur egun, berriz, Erreten parkean daude.
Hasi ziren boluntario taldetik hiru baino ez daude gaur egun. Hala ere, hamasei lagun batzen dira taldean. Boluntario gazteagoak beharko lituzketela dio Molanok: «Adinekoak gara guztiak. Gaudenok taldea uzten dugunean elkartea desagertu egingo da. Egia da bai bermeotarrek gustuko dutela laguntza ematea; beste gauza bat da, ordea, boluntario egitea».
Hiru egunetan batu
Astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan batzen dira, 18:00etatik aurrera. Hala, ateak zabalik izanda, herritarrak boluntario egitera animatu gura dituzte, «ez du-eta lan handirik ematen».
Taldeko boluntarioek esan dutenez, gaur egun ez dituzte gaixoen arteko batzarrak herrian egiten, «behin antolatuta jendea ez delako agertzen». Jendeak eskatutakoaren inguruko hitzaldiak eta batzarrak antolatu izan dituztela dio Molanok. Horiek egiteko, baina, Bilboko elkartetik mugitu behar dituzte profesionalak, «gero lau lagun egoteko». Modu horretan, jendea eurengana laguntza eske hurbiltzen denean, informazioa eman eta Bilbora jotzeko bidea errazten diete. Handik arreta eskaintzen diete Bizkaiko herri guztietako gaixoei, bai eta bermeotarrei ere. Bermeon gaixo asko daudela diote, eta besteak beste, ohe bereziak uzten dizkiete behar dutenei. Iaz, esate baterako, hamasei lagunek jaso zuten laguntza Bilboko egoitzatik.
Elkarterako dirua eskatzen dute urtean behin: irailaren 16an, Santa Eufemia egunean. Egun horretan itsulapikoekin kalera ateratzen dira taldeko boluntarioak eta hainbat laguntzaile, eta diru asko batzen dutela diote. Aurten 4.822,50 euro batu dituzte, esate baterako. Diru hori ikerketarako edota gaixoei laguntza emateko bideratzen dute. «Ahal duguna egiten dugu Bermeotik. Gutxi dela iruditu arren, gure eskuetan dagoen guztia egiten dugu», dio Molanok.
Bestalde, herritarrei informazioa eman asmoz, hainbat kanpainatan informazio mahaiak jartzen dituzte: bularreko zein koloneko minbiziaren nazioarteko egunetan, tabakoaren aurkako egunean, azaleko minbiziaren aurkako kanpainetan…
Boluntario izatea pozgarria dela diote. Gabonetan lan handia izaten dute mahai apaingarrien lehiaketa antolatzen. Hala ere, poz-pozik egiten dutela azaldu dute.