Batetik, Bermeoko
ostalaritza eta merkataritza suspertzeko proiektua, eta, bestetik, Bermeoko
Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa. Bi proiektu horiek martxan jartzeko
hiru pertsona kontratatu dituztela jakinarazi dute.
Behargintzako zuzendari Nerea Hormaetxeak azaldu duenez, “Lanbidek, enplegu planaren bidez, laguntzak bideratu ditu eskualde mailan zein Bermeon, enplegua sustatu dezaketen proiektuak martxan jartzeko”.
Gangoiti, Hormaetxe, Ormaetxea eta Murua atzo egindako aurkezpenean. Argazkia: Bermeoko Udala
Bermeoko turismo teknikari Bego Gangoitik eman zituen ostalaritza eta merkataritza suspertzeko proiektuari buruzko azalpenak. Helburua
bezeroaren ikuspuntua kontuan hartuta,
ostalaritza eta merkataritza sektorea dinamizatzea dela esan zuen. Horretarako, establezimenduek izan ahal dituzten hobekuntzak identifikatuko dituzte, ostalari eta merkatariei hobekuntza ekintzen plan bat egiten laguntzeko. Hobekuntza horiek garatzeko, ostalariei eta merkatariei laguntza eman gura dietela esan zuen.
Aipatu proiektua
hilabete honetan abiarazi dute, eta 25 establezimendu inguruk parte hartuko dute proiektu pilotuan. Horretarako, udalak bi pertsona kontratatu ditu.
Bestalde, Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa egiteko pertsona bat kontratatu dute. Azterketa hori egiteko,
Alde Zaharreko lokal hutsen jabeekin harremanetan jarri gurako lukete, «lokalen arazoak ezagutzeko, eta indarrean dagoen hirigintza araudian zer nolako moldaketak egin beharko liratekeen ezagutzeko, lokal horietan jarduera ekonomikoak edo bestelako zerbitzuak garatu ahal izateko helburuarekin», esan zuen Berualako zuzendari Santi Muruak. Behin lokalen egoera ezagututa, horiek merkaturatzeko beharko litzatekeen baldintzak ere aztertuko dituzte.
Era berean,
hutsik ez dauden lokalen jabe, dendari eta erabiltzaileekin ere harremanetan jarri gurako lukete, «Alde Zaharrean mantentzearen arrazoiak ezagutzeko, eta bertan mantentzeko beharrizanak zeintzuk diren ezagutzeko».
Martxan jarri diren proiektuak
herriarentzat «oso garrantzitsuak» direla nabarmendu zuen Turismo, Merkataritza eta Hirigintza zinegotzi Irune Ormaetxeak: «Batek, herriko ostalaritza eta merkataritza indartzearen aldeko apustua egiten duelako, eta, besteak, udala Alde Zaharra biziberritzeko lanean ari delako buru belarri, eta azterketa hori egitea ezinbestekoa da».
Kontratatu dituzten hiru pertsonak, gehienez,
sei hilabeterako lanaldi osoan ariko dira. Kontratatu diren profilen artean, enpresagintza, turismoa eta arkitektura teknikoko ikasketak dituzten pertsonak daudela zehaztu dute.