Lointek Gernika Bizkaiak Mann-Filter taldearen kontra jokatuko du domekan
Gernika-Lumoko taldeak talde zaragozarraren kontra lehiatuko du 12. jardunaldia. Domekan, 12:00etan hasiko da bi taldeen arteko neurketa, Eduardo Lastrada kiroldegian.
Lointek Gernika Bizkaia hirugarrena da sailkapenean, 19 puntugaz. Bi puntu gehiago dituzte Perfumerias Avenida sailkapen buruak, eta Spar Citylift Girona bigarrenak. Mann-Filter, berriz, bederatzigarrena da, 16 puntugaz.
Aurreko jardunaldiko porrotaren ostean, garaipen gosez kantxaratuko dira talde gernikarreko jokalariak. Mario Lopez entrenatzailearen ustez, bi puntuko jaurtiketetan huts egin izana izan zen denboraldiko etxeko lehen porrotaren arrazoietako bat.
Haren berbetan, azken norgehiagoketan partida hasiera “eskasa” izan du taldeak, defentsa joko “nahasiagaz”.
Halaber, erasoko jokaldietan ere, zenbait momentutan jokalariek “motel” jokatu zutela azaldu du Lopezek.