HITZAren harpideduna da Lore Urresti Arantzamendi; egunkariaren sorrera apustu gogor legez eta poztasunez hartu zuen, eta inora joan behar izan barik eskualdeko informazioa euskaraz etxean jasotzea suerte bat dela uste du.
Noiztik zara Hitzaren harpidedun?
Nik esango neuke
Hitza sortu zenetik garela harpidedun. Hasieratik egon gara zuekin.
Sorrera zelan hartu zenuen?
Apustu gogor bat legez ikusi nuen. Egunkari eta aldizkari asko zeuden, baina, aldi berean, euskaraz irakur zitezkeen oso gutxi zeuden. Poztasuna sentitu nuen gehienbat, ze herriko albisteak euskaraz irakurri ahal izatea oso pozgarria dela uste dut gure inguru guztiarentzat.
Zuri zer eskaintzen dizu?
Informazioa zentzu guztietan. Eta, aldi berean, bizi naizen inguruagaz hurbiltasuna, eta esan beharrik ere ez, euskaraz irakurri ahal izatea gustuko den gauza bat. Umeak, esaterako, ikas material modura erabiltzen du. Oso baliagarria da.
Lea-Artibaikoa zara izatez, baina Busturialdean daramatzazu urte batzuk bizitzen. Bi eskualdeetako albisteak jasotzeak balio erantsia dauka zuretzat?
Bai, balio handia, duda barik. Nik uste dut suertea daukadala Hitza etxean jasotzeaz. Inora joan beharrik barik,
Hitza eskuetan hartu, eta neure herriko, bizi naizen herriko eta eskualdeetako barriak jasotzea gustura hartzen den gauza bat da.
Papereko edizioaz gain, webgunean, sare sozialetan eta APP-etan jarraitzen duzu?
Bai, ohitura daukat mugigorraren bitartez albisteak jarraitzeko. Tarte bat daukadanean sartzen naiz, eta han ere irakurtzen ditut albisteak. Gauean paperean irakurtzen dut egunekoa. Azkenean, beti egiten dut eguneko errepaso bat.
Ze albiste dituzu gustukoenak?
Gustukoenak…, ez dakat bat esateko. Momentuaren eta egoeraren arabera garrantzia handiagoa ematen diot bati beste bati baino. Lehen esan dudan moduan, osorik irakurtzen du
Hitza. Bat holan esatekotan, barikuetan ipintzen duzuen informazio kulturala. Oso erosoa irizten zait; herri pila baten agenda kulturala orrialde bitan edukitzea, eta gainera, denak hain gertukoak izanaz.
Eta zer irakurri nahiko zenuke noizbait Hitzan?
Hitzan eta beste egunkari askotan berri asko nahiko nituzte irakurri, alor askotakoak, baina gehiegi luzatuko nintzateke… Gai bat esatekotan, euskarari lotutakoa izango litzateke. Amets bat izango litzateke hemendik urte batzuetara ezin bada ere, zahartzaroan edo, gutxienez, hil aurretik, hizki handiz ikustea euskara hizkuntz gutxitu izatetik lehen hizkuntzen artean egotera pasa dela. Holako amets politen bat.
Besterik esan nahiko zenuke?
Bai. Nahiko nuke gehienbat goraipatu zeuen lana, egunerokotasunean euskara geure etxeetara ekartzearren. Eta baita, amaitzeko, neure eta beste harpi- dedun askoren izenean, indarra eman nahi nioke
Hitzari, urte askotan geure etxeetan jasotzen jarraitu ahal izateko.