Bizkaiko trontzalari onenek bikoteka lehiatuko dute finala, eta tartean daude Busturialdeko ordezkariak. Hala ere, hori ez da izango herri kirol saio bakarra. Arratzura bertaratzen direnek,
harrizulatze desafioaz gozatzeko aukera izango dute frontoian,
13:00etatik aurrera.
Hain zuzen ere,
Ereñoko Iker Murueta Euskadiko txapeldunak eta
Arratzuko Asier Zubiaga azpitxapeldunak
2.000 euro jokatuko dituzte.
Ordu erdiko proba izango da, eta lehen ordu laurdena pasatuta, harriz aldatuko dute.
Bizkaiko Herri Kirol Federazioak arautuko du desafioa, eta harrizulatzaileek antidopin kontrola pasatuko dute.
Promozio txapelketaren finala
Trontzako talde mistoen Promozio Txapelketaren finalean sei bikote bizkaitar ariko dira nor baino nor gehiago. Busturialdeko ordezkarieri dagokienez,
Arkaitz Ispizua eta Batirtze Ispizua bermeotarrek,
Salva Erleaga eta Naroa Arrieta, Bingen Erleaga eta Pilar Rodriguez eta Iraide Gezuraga eta Beñat Obieta arratzuarrek lehiatuko dute finala, eta
Nabarnizeko Santi Zubizarretak Getxoko Nerea Egurrolagaz parte hartuko du. Finaleko beste bikotea Mikel Agirre ondarroarrak eta Karmele Gisasola mallabiarrak osatutakoa da.