Arratzuko musherrak Aranda Long Distance 100km proban parte hartu zuen domekan, Burgoseko Aranda de Duero udalerrian. Bi modalitate egon ziren. Hain zuzen ere, 100 kilometroko probagaz batera, 200 kilometrokoa ere burutu zuten.
Parte hartzaileek 18:00etan hasi zuten lasterketa, eta minutu bateko tarteagaz atera ziren helmugatik. Rodriguezek 18:13an ekin zion probari.
Argazkia: Iskander Rodriguez
45. kilometroan geldialdia egin behar izan zuten, albaitariek txakurrak aztertzeko. Lau orduko geldialdia egin behar izan zuten, eta arratzuarrak 21:15ean ekin zion lasterketaren bigarren zatiari. Hain zuzen ere, falta zitzaizkion 55 kilometroak egin ostean, 01:30ean helmugaratu zen.
Rodriguezek azaldu duenez, denboraldi honetarako entrenamendu moduan hartu zuen proba: “Asmoa ez zen lehiatzea. Gauez izanda, gutxi ikusten zen, baina, ibilbidea oso polita izan zen. Gainera, ez genuen hotz handirik pasatu”.
Hark eta haren txakurrek egindako lanagaz gustura dago arratzuarra, eta hasieran pentsatu baino hobeto aritu zela zehaztu du: “Hala ere, oraindik gehiago entrenatu behar gara. Denok ondo amaitu genuen, baina, txakurretako batek lesio txiki bat izan zuen, hanketako bat bihurritu zuelako”.