Hiru txakolin mota dastatu ahalko dira zapatuan, Mundakan
Herri ezberdinetako hiru motatako txakolinak dastatzeko aukera edukiko dute zapatuan, Mundakara bertaratzen direnek, eta gainera, azoka txiki bat ere edukiko dute aukeran. Izan ere, ohiturari jarraituz, Txakolin Eguna ospatuko dute kostako herri horret...
11:00etan emango diote hasiera Txakolin Egunari, eta eguerdira arte, Mundakako udaletxeko arkupeetan bilduko dira herritarrak zein bisitariak. Aurreko urteetan egin modura, aurten ere, hiru izango dira beren txakolina Mundakan dastatzeko aukera emango duten txakolingileak; hain zuzen ere, bertaratutakoek Bakioko, Busturiko eta Gernikako ekoizleak izango dituzte aukeran, hau da, Abio, Amunategi eta Isasi txakolinak.
Hala eta ere, txakolinaz gain, izango da zer dastatu Mundakan; izan ere, beste hainbat produktu eskuratzeko aukera egongo da; esaterako, patea, gazta eta etxeko gozoak. Era berean, sasoiko produktuak eskaintzen dituen herriko ekoizle Bingen Pinok ere parte hartuko du azokan.
Bestalde, hutsik egin barik, Batzokiak antolatuta, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera ere egongo da zapatuan. Ekimen horretatik ateratzen duten dirua ongintzazko ekintza batera zuzentzen dute urtero. Aurten, Mundakako Caritasek jasoko du bildutakoa.