Hamaika lan, ikuspegi anitz
Hamahiru artista, hamahiru lan. Hamaika ideia, hamaika begi. Tamaina bera, baina esanahi bana. Kolore bizi, baina kolore ezberdin. Hausnarketa bana, helburu ugari.Norberak badu artea ulertzeko eta azaltzeko era propio bat; norberarena, pertsonala. Arte...
Hamahiru artista, hamahiru lan. Hamaika ideia, hamaika begi. Tamaina bera, baina esanahi bana. Kolore bizi, baina kolore ezberdin. Hausnarketa bana, helburu ugari.
Norberak badu artea ulertzeko eta azaltzeko era propio bat; norberarena, pertsonala. Artea ikusten dutenen begiak gainontzekoen desberdinak dira, eta horren bitartez ikusi eta jasotakoa ere, halakoa izaten da: besteekiko ezberdina. Edo bardina. Edota antzekoa. Baina hori da artearen grazia.Irudi abstraktuetan jartzen dugu begia sarritan, baina errealistagoak direnetan, ordea, beste askotan. Margolariek ere bata edota bestea aukeratzen dute, edota biak lantzen dituzte: lan abstratuak dituzte maite horietako batzuek; egunerokotasuneko toki edo gauzak hartzen dituzte oinarri beste batzuek.
Begiradak, begiak eta jariakinak XX. Mendeko pinturan erakusketan parte hartu duten pintoreek ere hala egin dute. Sestaon eta Barakaldon ikusi ahal izan zen, eta, orain, Gernika-Lumon nabari daiteke.
Hamahiru artistaren hamahiru obra bildu dituzte, eta horiekin guztiekin erakusketa ibiltari bat sortu dute. Natura eta paisajearen isla (itsasoa edo portua, tren geltokia, loreak…) dira batzuk, eta modu abstraktuan egin dituzte beste batzuk. Guztiek, baina, kolorea dute; kolore bizia. Egilerik barik, obrarik ez legoke; beraz, horiek ere bere lekua behar dute. Nork bere teknika erabilita, beraien erretratua egin dute, eta lanekin batera, erakusketan ikustarazi dituzte.
«Ikustea, ondo ikustea, da margolariaren artearen lehen baldintza. Ezagutu beharra dago, halaber, begiratzen duen begiaren izaera», zioen Odilon Redon (1840-1916) marrazkilari eta pintore frantsesak. Eta ildo horri lotuta dator kultur etxean abenduaren 22ra arte ikusgai dagoen erakusketa.