Txerriki Egunak jende asko batu du Muruetako plazan
Urteko jairik preziatuenetako bat ospatu zuten muruetarrek domekan: Txerriki Eguna. Muruetako zein Busturialdeko hainbat txokotako jendea bildu zen; dantza, kantu eta Gontzal Mendibilen emanaldiagaz gozatzeko.San Martin festak joan diren arren, txerria...
Urteko jairik preziatuenetako bat ospatu zuten muruetarrek domekan: Txerriki Eguna. Muruetako zein Busturialdeko hainbat txokotako jendea bildu zen; dantza, kantu eta Gontzal Mendibilen emanaldiagaz gozatzeko.
San Martin festak joan diren arren, txerria protagonista duen jaia ospatu zuten muruetarrek domekan. Txerriki Egunean bildu ziren herritarrak, plazan. Goizetik hasita, jai giroan murgiltzeko aukera izan zuten bai herrikoek bai eta eskualdeko beste herrietatik heldutakoek ere.Mezagaz hasi zuten eguna, eta 11:15ak aldera bota zuten txupina. Umeen danborradagaz batera, feria zabaldu zuten. Artisauak, baserritarrak, kontserba saltzaileak… Hainbat produktu ipini zituzten salgai plazaren bueltan. Foruko Urdaibai taldearen eskutik, euskal dantzekin gozatzeko aukera ere izan zuten muruetarrek, euskal kantu tradizionalen emanaldia hasi aurretik. Agertokian, euskal doinu ezagunak kantatu zituzten Bermeo, Gernika, Foru eta Arratzuko abesbatzek.
Bazkal aurretik, Gontzal Mendibilen kontzertuak girotu zuen plaza, herri bazkariaren aurretik. Bitartean, txerriki errea jateko ere aprobetxatu zuten askok, frontoi ondoan jarritako karpan.