'Gaur irekiko ditu ateak' zabalduko du gaur HITZAk, edizio digitalean
Euskaldunon Egunkariari buruzkoa da Gaur irekiko ditu ateak dokumentala. 88 minututan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok ixteko agindu zuen euskarazko kazeta bakarra du protagonista ikus-entzunezkoak.
Hainbat euskal hedabidek dokumental horren zabalkundea egingo dute gaur, 21:30ean, edizio digitaletan. Baita Hitzak ere, edizio digitaletan: busturialdea.hitza.eus.
Eriz Zapirain da Gaur irekiko ditu ateak dokumentalaren gidoilari eta zuzendaria. Lan hori hainbat herritan aurkeztu izan dute aurretik.?Gernika-Lumon, esaterako, ekainaren 3an eman zuten, Astran.
1990. urtean sortu zuten Euskaldunon?Egunkaria. 2003an, hura ixteko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Egunkaria ixteaz gain, zuzendaritzako partaideak atxilotu eta torturatu egin zituzten. ETAko kide zirela esan zuten. 7 urte beranduago, baina, salaketa horien zentzugabetasuna frogatu zuten epaiketan, eta akusatu guztiak absolbitu egin zituzten. Gaur irekiko ditu ateak lana ez da, ordea, bidegabekeria tamalgarri horien bilduma; lehenengo euskarazko egunkariaren sorrera pozgarri eta itxaropentsua dauka hizpide.
Gazteei erakusteko. Hainbat ikusentzunezko egin izan dira egunkariaren itxieran inguruan, baina dokumental honek sorrera, mirari txiki hura, jorratzen duen lehena. Lekukotasunen artean, Koldo Eizagirre, Iñaki Uria, Imanol Murua, Beatriz Zabalondo edo Jose Mari Torrealdai foruararrenak jaso ditu, besteak beste.
20 urteko gazte bati interesatuko zitzaion produktu bat nahi zuten bultzatzailek, eta Zapiraini egin zioten proposamena. Zuzendariak Berria egunkarian azaldu zuenez, «elkarrizketak egiten nituen bitartean jabetu nintzen gazteei zer arrotza egingo zaien ikustea egunkari bat orduan nolakoa zen. Gazteei erakutsiko diegu garai hartan ez zegoela Internetik, ez argazki digitalik».