Bermeo, Mundaka eta Gernikak Urdaibaiko turismo eskaintza batu dute neguan ere
Gernika-Lumo, Mundaka eta Bermeoko turismo bulegoak neguko eskaintza turistikoaren berri emateko elkarlanean aritu izan dira. Hala, Urdaibaiko eskaintza turistiko zabala batu dute, Urdaibaira bisitan datozenek modu praktiko eta erakargarriago batean eskaintzaren berri eduki dezaten.
Eskaintza bateratu horretan, pertsona guztientzako proposamenak jasotzen direla azaldu dute ohar batean. Inguruan bisitatzeko interesgarriak diren lekuei buruzko informazioa (Gaztelugatxeko San Juan, Santimamiñeko kobak, Urdaibai Bird Center, Ekoetxea Urdaibai, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Batzarretxea, Gernikako arbola…), itsas ibilbide ezberdinak, bertoko produktuak, eta hainbat motatako jarduerak (jaitsierak, kayak, surf, eskalada, orientazioa, tirolina, itsasontzian ibilaldiak …) jasotzen dituzte, besteak beste.
Hainbat bide erabiliko dituzte aipatu eskaintza guzti horren berri emateko. Era berean, Urdaibaiko turismo arloko enpresa guztiei helaraziko dietela azaldu dute (alojamendu, jatetxe, taberna, turismo aktiboko enpresak, ekoizleak…); horiek, euren bezeroei ere Urdaibaiko eskaintza turistikoaren berri eman ahal izateko.
Bermeoko turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak azaldu duenez, “Urdaibaik, neguan ere, gozatzeko aukera piloa eskaintzen ditu, eta momentu paregabea da gure paisaiaz, kulturaz, gastronomiaz eta aisialdiko ekimen ezberdinekin gozatzeko”.