Abenduko bariku arratsaldeetan zabalik egongo da Bermeoko udal azoka
Bermeoko udal azoka indartu nahian eta sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu nahian, abenduko bariku arratsaldeetan udal azoka zabaltzea erabaki dute.
17:00etatik 20:00etara, azokako ohiko saltokiek euren kalitatezko bertoko produktuak eskainiko dituzte. Baina, horrez gain, abenduaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, Berazel Bermeoko Azoka Elkarteak eta udalak antolatuta, eskaintza berezia egongo da udal azokan.
Lau bariku horietan, esaterako, truke festa egingo dute. Hala, azokako erdiko erakusmahaiak aprobetxatuko dituzte trukeak egiteko. Besteren artean, arropak edota tresna bereziak truka daitezkeela azaldu dute Berazel elkartetik. «Lagun ezkutuarentzat zerbait originala aurkitzeko aukera paregabea egon daiteke, dirurik barik ere opari handiak egin daitezkeelako», azaldu dute.
Bestalde, garagardoa gustuko dutenek, garagardo mota ezberdinak dastatzeko aukera izango dute udal azokan, bariku arratsaldeetan; bertoko garagardo artisauak euren eskaintza ekarriko baitute azokara. Hain zuzen ere, Tito Blas (Gorliz), Talape Bits (Bermeo), Boga Garagardo Kooperatiba (Mungia) eta Bidassoa Basque Breweryren (Irun) garagardoak dastatzeko aukera egongo dela jakinarazi dute.
Loreak ere protagonista izango dira bariku arratsaldeetan. Mila loradendak gabonetarako hainbat ideia emango ditu. «Loreak eta landareak erabilita, etxeak eta balkoiak hamaikatxo erara apaindu ahal direlako», diote.
Jostailu bilketa Bermeon eta Gernikan. Era berean, abenduaren 9an eta 16an, beharrizana duten horiei banatzeko, Kate Sarea elkarteak eta Bermeoko Gurutze Gorriak jostailuak batuko dituzte azokan bertan. Azaldu dutenez, jostailuak ezingo dira izan ez gerrakoak ez eta sexistak ere, eta jostailu berriak eskatzen dituzte.
Hala ere, Bermeoko Kate Sarea elkarteko presidente Miren Lur Santiagok azaldu duenez, «Bermeon, egoera oso onean dauden bigarren eskuko jostailuak jasotzeko prest ere bagaude». Jostailuak batzen ari diren bitartean, Kate Sareak eta Gurutze Gorriak, txokolate beroa eskainiko dute, doan.
Gernikan ere, jostailu bilketa egingo dute Gurutze Gorrikoek. Abenduaren 15ean eta 16an batuko dituztela jakinarazi dute, 10:00etatik 13:00etara. Jostailuak Gurutze Gorriak Gernika-Lumon duen Aldapeko bulegoetan hartuko dituzte.