Adin guztiei zuzendutako 27. Udal liburutegiaren ipuin lehiaketa jarri dute martxan, Muxikan. Bost mailatan banatuta parte hartuko dute abenduaren 16a orduko izena eman dutenek: A mailan 7 urtera artekoak izango dira; B mailan 8 eta 9 urtekoak; D mailan 10 eta 11 urtekoak; E mailan 12 eta 14 urte artekoak eta F mailan 15 urtetik gorakoak. Betiere, Muxikakoak izan beharko dira parte hartzaileak.
Maila bateko zein bestekoek euskara hutsean idatzita dauden lanak aurkeztu beharko dituzte; eskuz zein ordenagailuz egindakoak. Edozein izan ahalko da gaia; hala ere, sormena, irudimena eta itxura hartuko du kontuan epaimahaiak.
Gehienez, hamar orri eduki beharko ditu lan bakoitzak, eta hori bukatuta, udal liburutegian aurkeztu beharko dute, 16:00etatik 20:00etara. Dena den, Muxikako Udalak jakitera eman duenez, posta elektronikoz (liburutegia.muxika@bizkaia.org) ere bidali ahal izango dira lanak.
Lanak aurkezteko orduan, parte hartzaileak ez ditu bere izen-abizenak ipuinean bertan jarri beharko; hala ere, adina zehaztu egin beharko du.
Maila bakoitzean hiru sari egongo dira, eta, gainera, urtero legez, liburuxka batean argitaratuko dituzte sarituak izandako ipuin horiek.
Sariak:
A maila:
- Oparia
- Oparia
- Oparia
B maila:
- Oparia
- Oparia
- Oparia
D maila:
- 50 euro
- 40 euro
- 30 euro
E maila:
- 75 euro
- 55 euro
- 45 euro
F maila:
- 100 euro
- 75 euro
- 55 euro