Kolonbiako bake prozesuari babesa adierazi dio Gernika-Lumoko Udalak
Emigrados sin fronteras elkarteak egindako mozio eskaera aho batez onartu du Gernika-Lumoko Udalak azken osoko bilkuran. Hala, onarpen horregaz, udalak bere babesa adierazi dio Kolonbiako bake prozesuari, eta, era berean, oposizioko mugimendu politiko eta sozialetan jarduten duten eta giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak babesteko eskatu dio Kolonbiako gobernuari.
Emigrados sin fronteras elkarteak uste du bake lorpenak edozein oztopo gainditu behar duela, «bakea eskubide bat baita». Halaber, denboran iraungo duen bakea lortu bitartean, kolonbiarren eta sektore politiko eta sozialen arteko elkarrizketa «ezinbestekoa» dela deritzo.
Hala, mozioa onartuta, bakea lortzeko asmoz Juan Manuel Santos buru duen gobernuak, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak eta baita helburu bera duten erakunde eta mugimendu sozialek agertutako konpromisoa aitortu die Gernika-Lumoko Udalak.
Horrez gain, gobernu nazionalaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailearen arteko Habanako akordioak –2016ko azaroaren 24an berretsitakoak– babestu ditu udalak.
Bestalde, Nazio Askapenerako Armadaren eta Kolonbiako gobernuaren arteko elkarrizketetan Kolonbiako gizarte zibilak aktiboki parte hartzea ere eskatu du.
Azkenik, bere kezka adierazi du gaur egun arte 2016an zehar emandako 200 lagunen erailketagatik.
Gobernuari eskaera
Beste alde batetik, bake akordioen ezarketa prozesua arintzea eskatu dio Kolonbiako gobernuari, eta, horregaz batera, giza eskubideen defendatzaile diren horiek babesteko neurriak indartzea. Azkenik, Nazio Askapenerako Armadarekiko negoziaketetan bi aldeen su etena martxan jartzea ere eskatu dio.