Gabonetako apaingarriak egiteko ikastaroa antolatu du Bermeoko Berbalagunek
Ikastaroa hiru egunekoa izango da: Abenduak 5, 12 eta 19. Eskulan nagusia Gabonetako zuhaitza egitea izango dela zehaztu dute. Hala ere, zuhaitza ondo lehortzen den bitartean, beste apaingarri batzuk egiten ikasiko dute Montse Alonsorekin.
Hiru astelehen horietan 17:30ean batuko dira Euskal Gunean. Edozein herritarrek parte hartu ahalko du, betiere, aurretiaz izena emanda. 607 60 95 80 telefono zenbakira deituta edo bermeoberba@gmail.com helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena eta bihar da horretarako azken eguna.
Tailer horretatik eskulanak egiteko talde bat osatu daitekeela azaldu dute, «Gabonak eta gero jarraitzeko».
Gurasolagun
Bestalde, Gurasolagun egitasmoa ere martxan jarriko da. Abenduaren 14rako jarri dute hitzordua, hain zuzen. Gurasolagun egitasmoko tailerra ere Euskal Gunean egingo dute.
17:30etik 19:30era, gurasoak eta seme-alabak batera, Gabonetako apaingarriak egiten ikasiko dute, Montse Alonsorekin ere. Zuhaitza apaintzeko eskulan politak zelan egin daitezkeen azalduko die parte hartzaileei Alonsok, gero norberak etxean horrelako gehiago egiteko.
Sei urtetik gorako umeentzako egokia dela jakinarazi dute, eta ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea. Abenduaren 7a izango da izena ematekoazken eguna.