Aspaldikorik azoka goiztiarrena
349 berritasun, 246 erakustoki eta 200 ekitalditik gora egingo dira bihartik martitzenera bitartean. Euskararen eta euskal kulturaren alde beharrean aritu direnak omenduko ditu Durangoko Azokak.Inoiz baino lehenago eta berritasunez beteta dator 51. Dur...
349 berritasun, 246 erakustoki eta 200 ekitalditik gora egingo dira bihartik martitzenera bitartean. Euskararen eta euskal kulturaren alde beharrean aritu direnak omenduko ditu Durangoko Azokak.
Inoiz baino lehenago eta berritasunez beteta dator 51. Durangoko Azoka. Antolatzaileek iragarri dutenez, aurtengoa azken 28 urteko goiztiarrena izango da.Bost egunez bihartik martitzenera bitartean Durango kultur hiriburu bihurtuko da, beste behin ere. Bisitariak, hain zuzen ere, euskal kulturaz gozatzeko 349 berritasun, 246 erakustoki eta 200 ekitalditik gora izango ditu. Kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeentzako jarduerak, tailerrak edota ikuskizunak egongo dira aukeran.
Hamaika jardueragaz gozatzeko aukera edukiko du azokara doanak, eta ikasleek, gainera, aurtengo berritasunetako batean parte hartzeko aukera izango dute. Bihar arratsaldean, eta Ikasle Egunaren eskutik, euskara ikasten ari diren helduentzako tailerrak antolatu dituzte lehenengoz. Hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: bikoizketa tailerra, hip-hop tailerra, Durangoko listoriatura-ri buruzko bisita gidatua… «Euskaltegietako ikasleek, bergalagun taldeek edota irakurketa klubek azokan modu aktiboagoan parte hartzeko aukera edukiko dute modu honetan».
Hainbat aurkezpen
Horrez gainera, 2016ko diskoen eta liburuen aurkezpenak egingo dira Ahotsenean, eta betiko legez, bide luzeko sortzaileek hasiberriekin partekatuko dute agertokia. Zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musika taldek aurkeztuko dituzte beraien lanak kontzertu formatuan. Horien artean egongo dira, besteak beste, Lea-Artibai eta Busturialdeko Bostenbor, Solte, Gatibu, Sarkor, Josu Bergara, Keu Agirretxea, Magnetico Grupo Robot eta Gatz.
Solasaldien gunean, ostera, 50 sortzailek baino gehiagok eskainiko dituzte solasaldiak, mahai inguruak, errezitaldiak, ikuskizunak eta emanaldi akustikoak… Gehienak idazleak izango badira ere, tartean, hainbat musikari ere badaude. Horien artean, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat sortzaile egongo dira: Josu Bergara, Irati Jimenez, Ander Odriozola, Kirmen Uribe, Alaine Agirre, Mikel Etxaburu eta Txuma Murugarren.
Szenatokia, arte eszenikoen gunea, berriz, antzerkigile, antzezle eta antzerkizaleen topalekua bihurtuko da datozen egunotan. Hiru proposamen nagusirekin gozatzeko aukera egongo da, eta horien artean, Artedrama (Bizkaia), Le Petit Theatre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa) antzerki taldeek elkarlean osatu duten Francoren bilobari gutuna antzezlana eskainiko da martitzenean. Ximun Fuchs-ek zuzenduko du Unai Iturriaga eta Igor Elortzak idatzitako lana, eta Ander Lipus aktore markina-xemeindarragaz batera, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola aterako dira oholtzara martitzenean. Bi emanaldi egingo dira, gainera; goizez eta arratsaldez.
Merezimendu saria
Bestalde, euskararen eta euskal kulturaren alde beharrean aritu direnak omenduko dituzte aurten, 25. Argizaiola sariagaz. Hala, urtez urte eta herriz herri euskal kultura eta euskara sustatzen aritu diren herritar anonimoak omenduko ditu Durangoko Azokak. «Gure euskal eta euskarazko mundu hau ehunka inurrik egindako lanaren emaitza da», adierazi du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak.
Oro har, mugimendu osoa omendu nahi dute, baina horiek ordezkatuko dituzten sei ordezkari aukeratu dituzte. Sei horiek izango dira, hain zuen ere, etzi egingo den sari banaketa ekitaldian saria jasoko dutenak; Kepa Mendia Landa gasteiztarra, Justo Alberdi Artetxe iurretarra, Jaime Albillos Arnaiz donostiarra, Patxika Erramuzpe angeluarra, Carmen Belaza iruindarra eta Jose Ramon Zengotitabengoa zaldibartarrak ordezkatuko dituzte ehunka «inurriak».