Abenduaren 5era arte parte hartu daiteke Nabarnizko Gabonetako postal lehiaketan
Beste urte batez, bi atal izango dituen Gabonetako postalen lehiaketa antolatu du Nabarnizko Udalak. Batetik, marrazkien lehiaketa egingo dute. Bertan, 5 eta 12 urte bitarteko umeek parte hartu ahalko dute. Bestetik, zorion agurrerako erabiliko duten testu lehiaketa egingo dute, eta horretan, 12 eta 17 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu ahalko dute.
Marrazki lehiaketari dagokionez, DinA4 formatuan aurkeztu beharko dira lanak, edozein teknika erabilita. Gabonak eta euskal kuktura hartu beharko dute gaitzat parte hartzaileek.
Zorion agurren testuak, bestalde, euskaraz –batuaz zein bizkaieraz– idatzita egon beharko dute, eta Gabonak eta urte berria zoriontzeko izan beharko dute. Bertsoa egiteko aukera ere egongo da, baina, kasu horretan, zortzi lerroko luzeera eduki beharko du, gehienez.
Bateko zein besteko lanak gutun-azal baten barruan sartu beharko dituzte. Azken horren barruan jarri beharko dituzte parte hartzailearen datuak: izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefonoa edota helbide elektronikoa. Hala, ezin izango da izenik jarri ez testuan ezta irudian ere.
Lehiaketa batean zein bestean parte hartzen dutenek abenduaren 5a izango dute beraien lanak udaletxean aurkezteko azken eguna. Bost egun beranduago egingo dute, aldiz, lehiaketa bi horien sari banaketa. Epaimahaiaren ustez marrazki onena egiten duenak ipuin ilustratu bat eta kamiseta bat jasoko ditu sari legez, eta zorion agurren irabazleari, aldiz, 60 euroko saria eta kamiseta bat banatuko diote. Horrez gain, irabazle bi horien lanekin Gabon postalak egingo ditu Nabarnizko Udalak.