Gernikako sorreraren urteurreneko ospakizunekin jarraituko dute
Orain arte egindako ekimenei beste sei gehituko zaizkie: Gernikako irudiekin osatutako egutegia, hitzaldi zikloa, bi lehiaketa, antzezlana eta zuhaitz landaketa, hain zuzenGernika sortu zutenetik 650 urte bete dira, eta urteurren borobil hori ospatzen ...
Orain arte egindako ekimenei beste sei gehituko zaizkie: Gernikako irudiekin osatutako egutegia, hitzaldi zikloa, bi lehiaketa, antzezlana eta zuhaitz landaketa, hain zuzen
Gernika sortu zutenetik 650 urte bete dira, eta urteurren borobil hori ospatzen jarraitu gura dute Gernika-Lumon. Orain arte egindako ekimen guztiei beste hainbat gehituko zaizkie hemendik eta apirilera bitartean.Batetik, Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotziak eta Ricardo Abaunza Kultur Etxeko zuzendariak Gernikaren historiari, kulturari eta hirigintzari lotutako hainbat irudi 36ko Gerra aurreko zein ostekoak eta gaur egungoak biltzen dituen 2017rako egutegi bat aurkeztu dute. Magunagoikoetxeak azaldu legez, «jendeak inoiz ikusi ez dituen irudiak ere ikus ditzake bertan». Hala, egutegi hori eskuratu, eta, hartara, Gernika zelan aldatu den ezagutu nahi duenak Gernika-Lumoko Turismo Bulegora jo beharko du; bertan baitituzte salgai, 2,5 euroren truke.
Bestetik, hitzaldi ziklo bat ere jarriko dute martxan abenduan hasi eta martxora bitartean. Guztira, zortzi saio izango dira, eta lehena abenduaren 13an egingo dute. Gernikaren Jatorria izenburupean, Gernikazarra historia taldeko kide Alberto Iturriarte eta Alberto Zarrabeitia izango dira hizlariak. Hain zuzen, 20:00etan hasiko dute berbaldia, Elai-Alai aretoan. Hilero hitzaldi bi egitea da asmoa, eta, horietan guztietan, Erdi Arotik gaur egunera Gernikagaz lotura izan duten puntu historikoak landuko dituztela jakinarazi dute.
Literatur lehiaketa
Bestalde, literatur lehiaketa bat ere jarriko dute martxan, «Gernika goraipatzekotan». 14 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahalko dute. Hala ere, kategoria bitan banatuta egingo dute: A kategorian 19 urtetik gorako parte hartzaileak izango dira, eta B kategorian, aldiz, 14 urtetik 18ra bitartekoak.
Kategoria batekoek zein bestekoek Gernika eta Busturialdea hartu beharko dituzte gaitzat, eta euskara hutsean aurkeztu beharko dituzte beraien lanak. Parte hartzaile bakoitzak lan bana aurkeztu ahalko du, edozein dela horren eduki literarioa. Halaber, paperean zein formatu informatikoan aurkeztu ahalko dira lanak.
Era batean zein bestean eginda, lanak 2017ko otsailaren 10etik martxoaren 10era bitartean aurkeztu beharko dira. Eta behin lan horiek guztiak jasota, epaimahaiak onenak aukeratuko ditu. Hala, A kategorian 1.000 euroko saria emango diote lehiaketako onenari, eta 600 eurokoa, ostera, bigarren onenari; B kategorian, bestalde, 500 euroko jasoko ditu lan onena egiten duenak, eta 300 euro bigarrenak. Saridunak nortzuk diren maiatzaren 5a baino lehen jakinaraziko dute antolatzaileek.
Ikerketa lehiaketa
Laugarren ekimen bat egitea ere aurreikusi dute: Gernika sortu zeneko 650. urteurrena ikerketa historikoaren lehiaketa. Horren helburua udalerriari buruzko ikerketa lanak sustatzea eta herriaren historia hobeto ezagutzea da. Horrela, Gernika-Lumori eta eskualdeari buruzko historia ekonomikoa, soziala eta politikoa, artearen historia, hirigintza, biografia, egungo historia… aztertu eta landu beharko dituzte parte hartzaileek.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lanek orijinalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eta baliogarriak izango dira, baita, doktorego tesiak. Emakumeen historia aztertzen duten lanak, teknologia berriak erabiltzen dituztenak, historiografiaren joera berriak biltzen dituztenak edota argitaratu gabeko agiriak izango dira bereziki baloratuko dituztenak.
Aurreko lehiaketan ez bezala, kasu honetan euskarazko zein gaztelerazko lanak jasoko dituzte antolatzaileek. Gainera, bakarka zein taldeka parte hartzeko aukera egongo da, eta nahi beste lan aurkeztu ahal izango dira; betiere, lanak 2017ko otsailaren 10etik martxoaren 10era bitartean aurkezten badira postaz zein kultur etxean bertan.
Lan guztien artean bakarrak jasoko du, printzipioz, 2.400 euroko saria. Dena den, lan batek bere kalitateagatik edo pizten duen interesagatik saria merezi duela uste badute, 1.100 euroko akzesita emango diote lan horren egileari.
Lehiaketez gain, antzerkiari ere egingo diote lekua urteurreneko egitarauan. Hala, apirilaren 8an, Gernikaren sorreran oinarritutako antzezlan bat aurkeztuko dute. Gernikarren laguntzagaz egin nahi dute hori, eta, horretarako, aktore lanetan aritzeko herritar bila daude antolatzaileak. Hala, Magunagoikoetxeak eta Abaunzak ere, bertan parte hartzeko gonbitea egin diete genikarrei.
Zuhaitz landaketa
Azkenik, zuhaitz landaketa egingo dute; izan ere, «Gernikan geratuko den zerbait» nahi zuten. Oka ibaiaren eskumako aldean egingo dute, eskolekin harremanetan jarrita. Bertoko zuhaitzak izango dira: haritza eta lizarra, esaterako.