Santa Katalina ospatu dute Mundakan eta Ereñon. Bi herrietan bakailao txapelketak egon ziren zapatuan.
Mundakan, 32. pil-pil erako bakailao txapelketa egin zuten. Goizean goiz hasi ziren suak pizten udaletxeko arkupeetan, eta goiz erdia eman zuten parte hartzaileek kazolak eragin eta eragin, ahalik eta bakailao gozoena prestatu asmoz. Gazteak zein helduak animatu ziren bakailaoak prestatzera;
guztira, 21 kazola aurkeztu zituzten. Epaimahaiaren arabera,
Joseba Batiz bermeotarraren pil-pil erako bakailaoa izan zen
gozoena.
Parte hartzaile bat kazola eragiten
Santa Katalina eguna, baina, barikua izan zen. Protokoloz betetako eguna dute mundakarrek. Udalbatza Santa Katalina baselizan batzen da meza entzuteko. Ondoren, Santa Katalina plazatxora kalejiran abiatzen dira eta han ohorezko aurreskua dantzatzen du dantzariak. Aurten ere, ohitura hori mantendu dute. Bertaratutakoek, gainera, sabelak betetzeko tartea ere eduki zuten. Salda beroagaz batera, sardina erreak dastatu zituzten.
Umeek ere ondo pasatzeko aukera izan dute asteburuan; buruhandiak, jolasak eta musika eduki dituzte aukeran.
Ereñoko akorda auzoan zapatuan eta domekan ospatu dituzte Santa Katalina jaiak. Bakailao txapelketaz gain, Nabarniz-Ereñoko Kabelinatxe dantza taldearen ekitaldiagaz, erromeriagaz eta trikitilariekin ondo pasatzeko aukera eduki dute.
Bestalde, San Andres eguna eguaztena bada ere, Bermeoko San Andres auzoan zapatuan hasi ziren jaiak ospatzen. Kirola izan da asteburuko protagonista. Zapatuan, korrika lasterketa egin zuten liburutegitik hasita. Gazteak zein nagusiak animatu ziren proban parte hartzera.
Korrika lasterketa, Bermeoko San Andres jaien baitan
Domekan, berriz, txirrindua hartu eta erlojupeko igoera egin zuten auzora. Auzotarrak, gainera, elkarrekin bazkaltzeko aukera izan zuten auzoan jarritako karpan. Oraindik, baina, eguaztenean meza entzuteko batuko dira Almikan, eta, horren ostean, pintxoak jateko aukera edukiko dute Almiketxun.
Ibarrangelun eta Sukarrietan ere San Andres ospatuko dute. Sukarrietarrek eguaztenera mugatu dute egitaraua. Ibarrangelun, ostera, eguaztena jai eguna izango dute, baina abenduaren 3an jarraituko dute sanandresak ospatzen.
EGITARAUA
Bermeo.
Azaroak 30, eguaztena.
– 12:00. Meza Almikako elizan. Ondoren, pintxoak Almiketxun.
Ibarrangelu.
Azaroak 30, eguaztena.
– 12:00.Meza San Andres elizan.
– Ostean, trikitixa eta hamaiketakoa eleizaldeko tabernetatik.
Abenduak 3, zapatua.
– 17:00. Mus txapelketaren finalak eleizaldeko tabernetan.
– 19:00. Briska txapelketa kultur etxean.
– 22:30. Eingo kantan eta dantzan taldeagaz poteoa eleizalden, tabernaz taberna.
Sukarrieta.
Azaroak 30, eguaztena.
– 12:00. Meza.
– 13:00. Hamaiketakoa.