Urtero sasoi honetan egin legez, Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) sortzailearen heriotzaren 113. urteurrena gogoratu du alderdi horrek. Hain zuzen ere, Sukarrietako hilerrian, Aranaren hilobi aurrean, bildu ziren EAJkoak, atzo; bertan, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zioten. Meza entzun ostean, berriz, ekitaldi politikoa egin zuten.
Ohorezko aurrezkua Aranaren hilobian. Argazkia: EAJ
Besteren artean, Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidente Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Eusko Jaurlaritzako sailburuak Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Jon Darpon, Estefanía Beltran de Heredia eta Cristina Uriarte eta Euzkadi Buru Batzarra osatzen duten burukideak.
EAJ Madrilen “konplexurik gabe” negoziatzeko prest dagoela esan zuen Ortuzarrek atzo Sukarrietan egindako ekitaldi politikoan: “Ematen du negoziatzeko denbora aproposak datozela. Konplexurik gabe egingo dugu. Euskadi eta Euskadiko interesak ororen gainetik jarriko ditugu. Argi izan neurtzeko erabiliko dugun neurri bakarra gizarte honen ongizatea izango dela, gure nazio eraikuntzaren aurrerapena. Gu, Euskadi defendatzera, Euskadi hazi araztera, Euskadiren alde lan egitera, nahi dugun Euskadiren alde ekitera eta adostera goaz; eta hori behar den tokian egingo dugu, hemen, Madrilen edo Bruselan”. Modu horretan, etorkizuna “egunez egun irabazteko” lana egingo dutela esan zuen.
Ortuzar ekitaldi politikoan. Argazkia: EAJ
“Gero eta ongizate maila handiagoa duen herrian bizi gara; eraikuntza prozesuan aurrera egiten ari den nazioan. Gaur daukaguna ahalegin eta ekimenaren bidez lortu dugula. Euskara eta euskal kultura berreskuratu ditugu, kalitatezko gizarte zerbitzuak ditugu, gaur egun bizi dugun garapena eta ongizatea ahalegin eta borrokaren bidez eraiki dugu”, esan zuen Ortuzarrek.
Azken hamarkadetan Euskadik bizi izan duen aurrerapena, Ortuzarren arabera, “azken hamarkada hauetan Agirre Lehendakariaren bidetik joan diren emakume eta gizonen ahaleginari esker izan da”. Hala, poza agertu du Ezker Abertzalekoek “orain” Agirre lehendakariaren figura aldarrikatu dutelako, “gu erasotzeko egin duten arren, albiste ona da”.