Gabonak aurreko
bederatziurrena prestatzeko entseguak egingo dituzte Gernika-Lumoko
Marijesiek abenduaren 2an eta abenduaren 9an. Egun bietan, 19:30etik 20:30era bilduko dira, Andra Mari koralaren lokalean.
Urteetako ohiturari jarraituta, gaueko errondak egiten dituzte Gernikako Marijesiek. Abenduaren 16ko goizaldean hasi, eta abenduaren 24a bitartean, egunero kantuan ateratzen dira, goizaldean. Aldez aurretik, egun bakoitzean egingo duten erronda eta kantatuko dituzten koplak zehaztuta izaten dituzte.
Errondetan dirua biltzea ere bada ohitura, eta batutako dirua egitasmo bat edo beste laguntzeko bideratzen dute Marijesiek, urtero. Iaz, esaterako,
2.410,95 euro batu zituzten abenduaren 24ko errondan, eta 2014an Indiako Adkur herrian eraiki zuten haurtzaindegian ur sistema hobetzera bideratu zuten dirua.