Lointek Gernika Bizkaiak Erregina Kopa jokatuko du
Atzoko garaipenari esker, matematikoki Kopa lehiatzeko sailkatzea lortu du talde gernikarrak. Otsailaren 10etik 12ra jokatuko dute Erregina Kopa. Lekua oraindik ez dago zehaztuta, baina, seguruenik Salamancako taldeak antolatuko du txapelketa.
Gernika-Lumoko taldeak puntu bakarreko aldeagaz irabazi zuen atzo arratsaldeko partida. 53-54 nagusitu zen Cadi La Seuren kantxan. Jokaldi handirik barik, kalitaterik gabeko partida izan zen. Hala ere, emozioa nabaria zen, eta garaipena eskuratzeak zuen garrantziaren jakitun, Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariek kontzentratuta jokatu zuten.
Cadi La Seuren kontrako aurreko norgehiagokak moduan, atzokoa ere partida zaila eta deserosoa izan zen talde gernikarreko jokalarientzat. Zalantzaz beteta hasi ziren, eta seigarren minuturako lau puntuko aldeagaz zegoen etxeko taldea (10-6). Hala ere, Diezi eta Carterri esker, 11-11 berdinketagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Bigarren laurdenean etxeko Arrojo jokalariak buruhausteak eragin zizkien Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariei. Cadi La Seu hobeto aritu zen; talde lan sendoa erakutsiz. Ondorioz, 32-27ko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira.
Hirugarren laurdena ere bigarrenaren antzekoa izan zen. Etxeko taldeak 3-5 puntuko aldeari eusten zion, eta talde gernikarra ez zegoen eroso kantxan.
46-42ko markagailuagaz heldu ziren azken laurdenera, eta bi taldeek bazekiten garaipena bietako edozeinek eskuratu ahal zuela. Hain zuzen ere, Lointek Gernika Bizkaiak azken laurdenean defentsa lana sendotzea lortu zuen. Asurmendik eta Garciak estu hartu zituzten aurkariak, eta bien bitartean, Carterren saskiratzeekin garaipena gero eta hurbilago zutela zirudien.
53-53ko berdinketagaz emozioa nabaria zen jokalariengan eta partida ikusten zeuden zaleengan. Norgehiagoka amaitzeko bost segundoren faltan, Gernika-Lumoko taldearen aldeko jaurtiketa librea adierazi zuen epaileak. Asurmendik lehenengoa huts egin zuen, baina, bigarrena barrura sartu zen. Halaber, Perez etxeko jokalariak garaipena eskuetan izan zuen, baina, ez zuen hirukoa saskiratzen asmatu.