Hainbat dira Gernikako historia adin ezberdinetako herritarrei helarazteko helburuz orain arte egindako ekimenak: Don Tello estatuaren aurreko ekitaldi nagusia, Markak jaialdia eta Fernando Hierroren eta Gernikazarraren erakusketak, kasuan kasu. Gernika sortu zutenetik 650 urte bete dira, eta
urteurren borobil hori ospatzen jarraitu gura dute Gernika-Lumon. Hala,
datorren urteko apirila bitartean, beste hainbat ekimen gauzatuko dituztela azaldu dute gaur Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotziak eta Ricardo Abaunza Kultur Etxeko zuzendariak.
Iñigo Magunagoikoetxea eta Ricardo Abaunza, Gernika sortu zeneko 650. urteurrenaren harira egindako prentsaurrekoan, egindako egutegia eskuan.
Batetik,
Gernikaren historiari, kulturari eta hirigintzari lotutako hainbat irudi –36ko Gerra aurreko zein ostekoak eta gaur egungoak–
biltzen dituen egutegi bat aurkeztu dute 2017rako. Magunagoikoetxeak azaldu legez, “jendeak inoiz ikusi ez dituen irudiak ere ikus ditzake bertan”. Hala, egutegi hori eskuratu, eta, hartara, Gernika zelan aldatu den ezagutu nahi duenak Gernika-Lumoko Turismo Bulegora jo beharko du; gaurtik hasita, bertan izango baitute salgai 2,5 euroren truke. Kultura zinegotziak jakitera eman duenez, Gernikak bete dituen beste ale jarriko dituzte salgai, hasiera batean; alegia, 650.
Bestetik,
hitzaldi ziklo bat ere jarriko dute martxan abenduan hasi eta martxora bitartean. Guztira, zortzi saio izango dira, eta lehena abenduaren 13an egingo dute.
Gernikaren Jatorria izenburupean, Gernikazarra historia taldeko kide Alberto Iturriarte eta Alberto Zarrabeitia izango dira hizlariak. Hain zuzen, 20:00etan hasiko dute berbaldia, Elai-Alai aretoan. Hilero, hitzaldi bi egitea da asmoa, horietan guztietan, Erdi Arotik gaur egunera Gernikagaz lotura izan duten puntu historikoak landuz.
Gernika goraipatzeko literatur lehiaketa
Bestalde,
literatur lehiaketa bat ere jarriko dute martxan, “Gernika goraipatzekotan”. 14 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahalko dute. Hala ere, kategoria bitan banatuta egingo dute: A kategorian 19 urtetik gorako parte hartzaileak izango dira, eta B kategorian, aldiz, 14 urtetik 18ra bitartekoak.
1366an hiribildua sortu zenetik, herriaren historia jasotzen duen ‘Arbolaren Kokalekua’ erakusketa ikusgai gon da Euskal Herria Museoan.
Kategoria batekoek zein bestekoek Gernika eta Busturialdea hartu beharko dituzte gaitzat, eta euskara hutsean aurkeztu beharko dituzte beraien lanak. Parte hartzaile bakoitzak lan bana aurkeztu ahalko du, edozein dela horren eduki literarioa. Halaber, paperean zein formatu informatikoan aurkeztu ahalko dira lanak. Paperean egitea aukeratzen dutenek Gernika-Lumoko Kultur Etxean (Gernika-Lumoko Kultur Etxea, Foru plaza, 2) entregatu beharko dituzte lanok, edo bestela Kultur Etxera bertara postaz bidali beharko dituzte. Posta elektronikoz bidali nahi dutenek, berriz,
kultur-etxea@gernika-lumo.net helbidera bidali beharko dituzte.
Era batean zein bestean eginda, lanak 2017ko otsailaren 10etik martxoaren 10era bitartean aurkeztu beharko dira. Eta behin lan horiek guztiek jasota, epaimahaiak onenak aukeratuko ditu: hala, A kategorian 1.000 euroko saria emango diote lehiaketako onenari, eta 600 eurokoa, ostera, bigarren onenari; B kategorian, bestalde, 500 euroko jasoko ditu lan onena egiten duenak, eta 300 euro bigarrenak. Saridunak nortzuk diren maiatzaren 5a baino lehen jakinaraziko dute antolatzaileek.
Gernikari lotutako ikerketa historikoaren lehiaketa
Laugarren ekimen bat egitea ere aurreikusi dute:
Gernika sortu zeneko 650 urteurrena ikerketa historikoaren lehiaketa. Jarduera horren helburua udalerriari buruzko ikerketa lanak sustatzea eta herriaren historia hobeto ezagutzea da. Hori horrela, Gernika-Lumori eta eskualdeari buruzko historia ekonomikoa, soziala eta politikoa, artearen historia, hirigintza, biografia, egungo historia… aztertu eta landu beharko dituzte parte hartzaileek.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lanek orijinalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eta baliogarriak izango dira baita, doktorego tesiak. Betiere, emakumeen historia aztertzen duten lanak, teknologia berriak erabiltzen dituztenak, historiografiaren joera berriak biltzen dituztenak edota argitaratu gabeko agiriak izango dira bereziki baloratuko dituztenak.
Aurreko lehiaketan ez bezala, kasu honetan, euskarazko zein gaztelerazko lanak jasoko dituzte antolatzaileek. Gainera, bakarka zein taldeka parte hartzeko aukera egongo da eta nahi beste lan aurkeztu ahal izango dira; betiere, lanak 2017ko otsailaren 10etik martxoaren 10era bitartean aurkezten badira –postaz zein kultur etxean bertan–.
Lan guztien artean bakarrak jasoko du, printzipioz, 2.400 euroko saria. Dena den, lan batek bere kalitateagatik edo pizten duen interesagatik saria merezi duela uste badute, 1.100 euroko akzesita emango diote lan horren egileari.
Antzerkia eta zuhaitz landaketa
Lehiaketez gain, antzerkiari ere egingo diote lekua Gernika sortu zeneko 650. urteurreneko egitarauan. Hala,
apirilaren 8an, Gernikaren sorreran oinarritutako antzezlan bat aurkeztuko dute. Gernikarren laguntzagaz egin nahi dute hori, eta, horretarako, aktore lanetan aritzeko herritar bila daude antolatzaileak. Hala, Magunagoikoetxeak eta Abaunzak ere, bertan parte hartzeko gonbitea egin diete genikarrei.
Azkenik,
zuhaitz landaketa egingo dute urteurren borobil horri begira; izan ere, “Gernikan geratzeko zerbait” nahi zuten. Hala, Oka ibaiaren eskumako aldean landatuko dute, eskolekin harremanetan jarrita. Bertoko zuhaitzak izango dira horiek: haritza eta lizarra, esaterako.
Apirila bitartean, hortaz, hamaika jarduera izango da Gernika sortu zeneko 650 urte igaro direla ospatzeko.