Zapatuan lehiatu zuten Madrilen (Espainia) denboraldiko 9. jardunaldia, eta azken minutuetan erabaki zen partida.
Lehen minutuetan basurdeak partidaren kontrola bereganatzeko ahaleginean aritu ziren, baina, etxeko taldeak ez zuen bere lehen aukera alferrik galdu, eta entsegua lortuta, markagailua estreinatu zuen. Hala ere, ez zuen entsegua transformatzetik lortu, eta ondorioz, 5-0eko emaitzagaz hartu zuen aurre markagailuan. Handik minutu gutxira, bi taldeen arteko aldea handitu zuen Alcobendasek, zigor entsegu bati esker.
Basurdeek puntuak lortzeko ahaleginean jarraitu zuten, eta Pichlerrek transformaturiko zigor entseguari esker, markagailuko aldea gutxitu zuten. Gainera, talde gernikarraren jokoan ere aldea igarri zen, aurkaria estutuz, hobeto jokatu baitzuen.
Basurdeak ondo jokatzen ari ziren, eta erosoago zeuden zelaian. Orduan, entsegua egin, eta bi puntuko aldeagaz jarri ziren (10-8).
Ondoren, puntuak pilatzen jarraitu zuen talde gernikarrak, baina, atsedenaldira heldu aurretik etxeko taldearen aldeko zigor entseguaren ondorioz, 11-10 amaitu zuten lehen zatia. Hain zuzen ere, lehen zatiko azken minutuetan, Gernika R.Tk defentsa lana sendotu zuen, eta horregatik puntu bakarreko aldeagaz amaitzea lortu zuten.
Argazkia: Anuar Gomez/Gernika R.T
Bigarren zatia ez zen ondo hasi basurdeentzat. Mateok uztarte irekian arau-haustea egin zuela adierazi zuen epaileak, eta txartel horia atera zion. Ondorioz, etxekoek zelaian zuten abantaila ondo aprobetxatu zuten, eta puntuak pilatzen jarraitu zuten.
19-10ko markagailuagaz zeudela, Pichlerrek markagailuko aldea gutxitu zuen, baina, Linklater Alcobendaseko jokalaria geldiezin zebilen.
Partidako azken minutuetan basurdeek beste entsegu bat egin zuten, baina, talde madrildarrak ere bere jokoa egiten jarraitu zuen, eta kolpe baten ondorioz, talde gernikarra defentsa bonusaren sari barik utzi zuten.
Domekan, derbia
Asteburuko porrotaren ostean, basurdeak garaipena eskuratzeko asmoz zelairatuko dira asteburu honetan. Hain zuzen ere, Gernika R.T eta Getxo Artea R.Tren arteko derbia izango da ikusgai Urbietan, domeka eguerdian.
Gaur gaurkoz, Ohorezko Mailaren sailkapeneko azkena da talde getxoztarra. Zortzi puntu baino ez ditu eskuratu orain arteko neurketetan. Gernika-Lumoko taldeak, ostera, 17 puntu ditu eta sailkapeneko zortzigarrena da.