Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunagaz bat eginda, ekitaldi ugari izan dira eskualdean. Emakumeen kontrako edozein adierazpen sexista eta matxista salatzeko elkarretaratzeetan bildu dira egunotan ume zein nagusiak.
Bariku iluntzean Bermeon egindako elkarretaratzea
Barikuan, Bermeon, esaterako, goizean, Goiko Plazan egindako ekitaldian, Bermeoko Udaleko ordezkariekin batera, Erroxape Emakumeen Elkarteko kideek, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareak, herriko ikastetxeetako ikasleek eta ordezkariek, Joseba Fernandez Urdaibai Arraun elkarteko entrenatzaileak eta hainbat herritarrek parte hartu zuten. Bakoitzak bere aldarrikapena egin ostean, ehunka globo more askatu zituzten.
Iluntzean, berriz, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareak eta Erroxapek antolatuta, indarkeria matxistagatik hildako emakumeak izan zituzten gogoan. Hala, izen-abizenak banan banan esanda, kandelak jartzen joan ziren Lameran egindako elkarretaratzean.
Elkarretaratzeak egiteaz gain, herri askotan, beste hainbat jarduera ere egin dira: Hitzaldiak, musika emanaldiak…