Solabarrieta, Espainiako tiro txapelketaren finalean
Asteburuan Madrilgo Campoblanco tiro eremuan jokatuko den Espainiako tiro olinpikoko txapelketaren finalean parte hartuko dute Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi laguntzaileak.Solabarrietak aurreratu duenez, b...
Solabarrietak aurreratu duenez, bi diziplinatan parte hartuko dute. Bihar arratsaldean, euskarri gabeko 60 tiro zutikako proban ariko dira, eta etzi goizean, 60 tiro etzandako proban.
Karabina berriagaz izandako arazoak alboratuta, emaitza hobeak ari da lortzen aurten ondarrutarra. Parte hartu duten azken txapelketetan eta entrenamenduetan oso emaitza onak lortu ditu, eta Madrilera ere oso asmo onekin doala azpimarratu du, podiuma lortzeko asmoagaz. «Iaz oso urte eskasa izan nuen. Entrenamenduetan ere ez nintzen oso fin ibili, eta aurten mamu horiek uxatu ditut. Orain entrenamenduetan emaitza onak ari naiz lortzen, eta aurtengo Espainiako txapelketako finalera, egia esan, lasaiago goaz. Parte hartu dudan txapelketetan ere emaitza onak lortu ditut, eta Espainiako txapelketara begira ere emaitza on bat lortzeko gai ikusten dut neure burua».
Berdindu edo hobetu
Txapelketara begira, Solabarrieta gogor ari da entrenatzen, eta tenteko proban Euskadiko txapelketan lortutako puntuazioa berdintzea edo hobetzea nahiko lukeela adierazi du. «Entrenamenduetan zelan nabilen ikusita, nire itxaropena 574 puntu berdintzea edo gainditzea da». Etzandako proban, beste alde batetik, emaitza hobeak ari da lortzen. «Etzandako kategorian, oro har, emaitza hobeak lortzen dira, tiroa egiterako orduan tenteko proba baino zehaztasun handiago dagoelako. Ea kategoria horretan ere Euskadiko txapelketan lortutako emaitza hobetzea lortzen dudan». Han 596 puntu egin zituen.