Lokarri guztietatik aske
Nagusi eta gaixoak euskarririk barik zaintzearen aldeko joera nagusitzen ari da azken aldian. Onurak fisikoak zein psikologikoak direla azpimarratzen dute.G aixo eta nagusien segurtasuna bermatzen zuenaren ustean, urte askoan ohikoa izan da euskarrien...
Nagusi eta gaixoak euskarririk barik zaintzearen aldeko joera nagusitzen ari da azken aldian. Onurak fisikoak zein psikologikoak direla azpimarratzen dute.
G aixo eta nagusien segurtasuna bermatzen zuenaren ustean, urte askoan ohikoa izan da euskarrien erabilera etxebizitza zein egoitza eta eguneko zentroetan. Azken aldian, ostera, aldatzen hasi da joera hori, eta gero eta gehiago dira euskailurik gabeko zaintzaren alde apustu egiten dutenak.Herrialde garatuenetan euskailuen kudeaketa aspalditik garatutako gaia da, oso murritza jadanik. Ikerketeta datuen arabera, Euskal Herrian gehiegi era- biltzen dira oraindik. Dena dela, gero eta zentro gehiago daude aldaketaren bide horretan.
Gaixo eta nagusiek jasaten zuten egoera ikusita, Cuidados Dignos Fundazioak Libera Ger araua sortu eta bultzatu zuen. Geriatria eta gerontologia profesionalen eskutik sortu zen zaintza indibidual, motibatzaile eta lotura gabekoa defendatzen duen araua.
Proiektu horren baitan sortu zen Libera Care zaintza paradigma berria ere: harreta, plangintza eta prebentzio eredu berria. Zaintza eredu osotu horrek zaintzen den pertsonaren duintasuna du helburu. Pertsonarengan oinarritutako zaintza da, pertsonari beren beregi zuzentzen zaion arretan oinarritua, eta lotura edo euskarri gabekoa.
Euskal Herrian hamar egoitza daude Libera Care ziurtagiria dutenak, eta euretako bat Markina-Xemeingoa da. Loturarik barik zaintzea posible dela bermatu dute, eta lokailurik gabeko zaintza eredu horren onurak azpimarratzen dituzte, gainera, biziki.
Aldaketak
«Inork ez duela lotuta egon nahi» eta «lotuta inor ez dela duin sentitzen» diote Markina-Xemeingo San Roke Egoitzan. Libera Care metodologia ezarrita daukate zentroan, eta pozik diote lokairurik gabeko zaintza posible dela. Eredua zaintzen duten pertsonentzat, zaindutako pertsonentzat bai eta familiarentzat ere onuragarria dela azpimarratzen dute.
Urte batzuk ezartzen egin eta gero, 2015ean eskuratu zuten egoiliarren zaintza duina eta euskarririk gabea egiaztatzen duen Libera Care Dignos ziurtagiria, eta arau horretako ziurtagiria lortzen zuen Estatu Espainiarreko bigarren egoitza izan ziren.
«Gaixoa edo nagusia interpretatzen jakin behar da, eta horretarako ezagutu egin behar da» azaldu du Idoia Biteri Markina-Xemeingo San Roke egoitza eta eguneko zentroaren koordinatzaileak. Horretarako, pertsonaren gaineko datuak hartzen dituzte kontuan: ohiturak, gustuak, jarduerak…, eta horien arabera jokatzen dute. «Esate baterako, ez da gauza bera kalean bizitako norbait izatea edo baserri batekoa, ohitura ezberdinak izan ditzakete, bai eta interesak ere».
Hortik aurrera era askotako herramintak erabiltzen dituzte pertsona gustura eta lasai egoteko. «Hitz goxoak, ezagunak, logelak pertsonalizatuak…». Hori guztiori pertsonaren inguruan oinarrituta.
Segurtasuna kontuan hartuta, erorketak eta ekiditeko, euskarririk ez erabiltzeko eta egoiliarrak autonomoagoak izateko egokitu egin dute egoitza. Jarrileku txikiagoak, barandak, gidaridun ateak, mugimendua nabaritzen duten oheak… Era askoko ordezkoak jarri dituzte, eta hor omen dago euskarriak ekiditeko gakoetako bat. «Euskarri barik egoiliarrak errazago erori daitezkeela uste da, baina alderantziz gertatzen da», azaldu du Biterik. «Muskuluak indartzen joaten zaizkie, eta oreka ere hobeto mantentzen dute».
Eraikineko aldaketekin batera, egiteko eran ere aldaketa osoa egin dute. 24 orduko zaintza egiten dute orain, esate baterako. Talde lana izan dela azpimarratzen dute, eta denak direla garrantzitsuak. Gainera, aldaketak merezi izan duela diote, pozik. Behargin guztiek ahalegin handiagoa egin eta arreta handiagoa eskaini behar badute ere, emaitzak oso agirikoak direla nabarmendu dute. «Bai eta egoiliarren gogobetetasuna ere», azaldu du koordinatzaileak.
«Pertsona nagusien duintasuna eta bizi kalitatea nagusi dira eredu honetan. Zaindutako pertsonaren nahiak eta beharrizanak kontuan hartzea eta bere duintasuna eta autonomia bultzatzea bilatzen da».
Euskarririk ez erabiltzea duintasunerako oinarrizkoa izateaz gainera, egoiliarren osasunerako ere hobea dela diote, eta senide eta zaintzaileentzako abantaia asko omen ditu. «Lokarriak kentzen direnean, muskuluen tonua, koordinazioa eta oreka hobetu egiten dira».
Horrez gain, egoiliarrentzat eta senideentzat onura psikoemozional handiak ere ekarten dituela azaldu du. «Atrofia edo antsietatea sortzeko arriskua ere gutxitu egiten da. Lokarriak erabiltzen diranean, ostera, ultzerak, ahuldade fisikoa, agresibitatea eta depresioak sortzen dira».
Familien garrantzia
Euskarririk ez erabiltzeko prozesuaren arrakastaren alderdi garrantzitsuenetako bat egoiliarren familiak izan direla ere azpimarratu nahi izan dute Mar- kina-Xemeingo egoitzan. «Familien konfiantza beharrezkoa da proiektu hau aurrera eramateko, eta lehenengo momentutik bat egin dute gure apustuagaz».
Aldaketaren aurrean, hasiera batean senideek beldurra edukitzea normala dela dio Biterik, baina aldaketak azalduta, aurrerapauso bat ematea erabaki zuten, guztiek batera, eskutik.
Emaitzak hasieratik nabaritu zituztela dio Biterik. «Begirada galduta zeukan nagusia bere onera etortzen edo mugitzea kostatzen zitzaiona bere kabuz mugitzen hasi dela ikusi dugu, eta horrek animoak eman dizkigu beharginoi eta batez ere familiei».
Aldaketa hain izan da ona, kanpokaldea ere segurtasun heziekin eta euskailuekin egokitu zutela, egoiliarrak kanpoan ere lasai asko ibiltzeko.