Juan Calzada kaleko egokitzapen lanekin jarraituko du Gernika-Lumoko Udalak
Pasealekua eta Saraspe artean egindako lanen jarraipen gisa, Saraspe eta Juan Calzada kaleko 63. zenbakirainoko bidean, lanak egiten hasi da Gernika-Lumoko Udala. Hain justu, 240 metroko tartean ariko dira beharrean, eta otsailerako lanok amaituta egotea aurreikusten du udalak.
Udalerri “atseginagoa” egitea eta irisgarritasuna hobetzea da udalaren asmoa, eta, horretarako, oinezkoei lehentasuna emango diete, beraientzako espazio handiagoak sortuz. Hain justu, espaloiak handituko dituzte; kalearen alde batekoak lau metroko zabalera edukiko du, eta besteak, aldiz, hiru metrokoa. Lanak eginda, espaloia eta erraila altuera berean geratuko dira.
Udalak jakitera eman duenez, lan horiek egiteko 360.000 euroko aurrekontua edukiko du.