Giza proben Bizkaiko txapelketaren azkenengo saioa jokatuko dute
Bihar eta etzi Nabarnizen izango dira probak. Bermeoko Alegria, Kortezubiko Bilbao, Gernikako Alzola, Bedaronako Iturraspe eta Nabarnizko Zubizarreta ariko dira lehianGiza Proben Bizkaiko Txapelketaren azken jardunaldia jokatuko dute asteburuan, Nabarn...
Bihar eta etzi Nabarnizen izango dira probak. Bermeoko Alegria, Kortezubiko Bilbao, Gernikako Alzola, Bedaronako Iturraspe eta Nabarnizko Zubizarreta ariko dira lehian
Giza Proben Bizkaiko Txapelketaren azken jardunaldia jokatuko dute asteburuan, Nabarnizen.Absolutu kategoriako 800 kilo inguruko harriagaz eta promozioko 520 kiloko harriagaz probalariak batuko dira herriko probalekuan, bihar eta etzi. Bi egunetan 18:00etan hasiko dira probak.
Bihar udalerriko Kepa Zubizarreta eta Bedaronako Julen Iturraspek burutuko dute promozioko dema. Absolutua kategorian, Oskar Perez barakaldarra eta Gorka de la Concepcion erandioztarra ariko dira nor baino gehiago.
Domekan, berriz, kategoria bakoitzean hiru parte hartzaile egongo dira.
Promozioan, Asier Alegria bermeotarragaz batera lehiatuko dira Arrigorriagako Gotzon Abasolo eta Gorka Madariaga.
Absolutua kategorian, Mikel Alzola gernikarraren, Eneko Bilbao kortezubitarraren eta Aitor de la Concepcion erandioztarraren arteko lehia izango da.
Hirugarrena eta azkena
Giza proben Bizkaiko txapelketa hiru probalekutan lehiatu dute. Aurretik Getxoko Areetan jokatu zuten lehen jardunaldia, eta bigarrena, berriz, Kortezubin egin zuten.
Promozio mailan Alegria bermeotarra nagusitu da orain arteko bi jardunaldietan. Getxon Iturraspe eta Iker Murueta sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Bestalde, Kortezubin lehiatutako saioan Madariaga geratu zen Alegriaren atzetik, eta Gotzon Abasolo sailkatu zen hirugarren postuan.
Absolutua kategorian ere irabazle bera izan da orain arteko bi probetan. Alzola gernikarrak eskuratu ditu puntu gehien.
Getxon Perez sailkatu zen Alzolaren atzetik, eta Gorka de la Concepcion izan zen hirugarrena. Kortezubin, ostera, Concepcionek bigarren postua eskuratu zuen, eta Bilbao kortezubitarra hirugarren geratu zen bere herrian.